GARA > Idatzia > Iritzia> Zirikazan

Josebe Egia

Lotsagabe eta penagarri

Iragan den astean salaturikoaren ildo beretik, alegia, adierazpen publikoen hariari jarraituta, azkenaldian iskanbila dezente izan da Valladolideko alkateak -gizona bera- osasun ministro berriari -emakumea- buruz esandakoengatik: «haren ahoa ikusten dudan bakoitzean gauza bera pentsatzen dut» eta «honek, oso jantzia, azkarra eta diskretua izanda, alaitasuna ekarriko digu, han-hemenka kondoiak banatuz». Eta txakurra baino lasaiago.

Adierazpenok, nire ustetan, eztabaidarako lekurik ez dutenak, batetik, erabat iraingarri eta umiliagarriak dira aipatu ministroarentzat, haren itxura eta gaitasunari zuzenean ukitzen dieten heinean, eta bestetik, batik bat, herri bat gobernatzen eta zuzentzen duen politikari baten ahotan onartezinak dira, aurrena esparru publikotik hasita eta zabaldu beharreko eredu gisara, behin betiko desagerrarazten hainbeste saiatzen ari garen sexismoaren eta emakumeon gutxiespenaren sustagarri direlako. Hiztunak, emakumeak ere bizi diren herri baten buruzagiak, daukan emakumeen hautematea agerian uzteaz gain. Eta pentsatzen hasita, horrek bere agintaritza egikaritzeko moduan izan dezakeen eragina edo, eta berearen antzeko iritzi eta ikuspegiak ezkutatzen dituzten politikaren munduko zenbatek, berdintasunari dagokionez egin dezaketen sustapena bururatzen zaizkit, besteak beste.

Dena den, pasadizo honetaz harago, bi gauzak kezkatzen naute oro har ikusten dudanaren inguruan. Lehenik eta behin, politikaren baitan emakumeek duten -eta onartzen duten- papera; egia da azken urteotan aurrera egin dela gero eta postu gehiago betetzeari dagokionez, egia da goi-mailako karguetara ere iristen ari direla, baina oraindik sekula ez alderdi bateko idazkari nagusia hautatua izatera, esaterako, eta sarri publikoari begirako antzezleak baino ez izateko jartzen dituztela iruditzen zait, alegia, berdintasun formala mantentzeko, alderdiak horretan egin egiten dutela esan ahal izateko, berdintasun erreala benetako asmo tinkoz jorratu barik. Izan ere, emakume politikari gehienek ez dute nortasun indartsu edo borrokalari edo erabakigarririk erakusten, euren gizonezko buruzagiek jarritako mugen baitan eta haien rola bereganatuta izan ezean -hor ikusi dugu Trinidad Jimenez, adibidez, Marokok okupaturiko Mendebaldeko Saharan gertatzen ari denaren aurrean ez duela konpartitzen, baina errespetatu egiten duela esanez, bere aurreko guztiek lotsagarri egindako paper berari jarraiki-.

Eta bigarrenik, politikaren munduko eragileek eurek erakusten duten erantzukizun eza. Valladolideko alkateak, kasura etorrita, baina halako adierazpenak erruz aurki litezke, ez du inolako ondoriorik jasan. Bere alderdiak ez du zigortu, eta ziur nago oso bestelakoa izango litzatekeela egoera emakume bat publikoki iraindu ordez beste zerbaitekin lotutako adierazpenak egin izan balitu. Egin duena egitea, oraindik, dohainik ateratzen zaielako politikariei. Iskanbila sortu izana, ordea, herritarrok kontzientziatuago gaudela eta ardura handiagoa erakusten dugulako isla garbia da. Bejondeigula!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo