GARA > Idatzia > Kirolak

Aizkora Omenaldia

Peñagarikano garaipen eder batekin agurtu da

Beizamakoak omenaldi hunkigarria jaso zuen bere herrian, eta, Nazabal lagun zuela, nagusi izan zen bere oroimenez jokatu zen lehiaketa ederrean.

p042_f01_111x111.jpg

Jon LEUNDA

Garaipen batekin eman dio bere ibilbideari amaiera Joxemiel Peñagarikanok, atzo bere omenez, Beizaman, bere herrian, egin zen torneoan garaile suertatu baitzen, alboan Floren Nazabal zuela.

Eguraldiak lagundu ez bazuen, ere, erabat bete zen Beizamako pilotalekua, Peñagarikanoren agurra ikusteko asmoz. Badira bi urte lehiaketak utzi zituela, baina bere omenaldi egunean ere lehian aritu nahi izan zuen, eta, gainera, irabaziz amaitu zuen.

Saioko ekitaldirik garrantzitsuena, binakako lehiaketa izan zen. Lau multzotan banatuta, hamasei bikote neurtu ziren. Multzo bakoitzetik, lehenengoak egiten zuen aurrera. Lehen multzoan, Arria V.a eta Otaegi gailendu ziren; 6.49 izan zen beraien denbora. Horixe izan zen lehen faseko denborarik onena. Atzetik, Otaño-Lasa, Donato eta Ohian Larretxea eta Saralegi-Olano sailkatu ziren.

Bigarren multzoko onenak, berriz, Peñagarikano eta Nazabal izan ziren. 7.01 izan zen beraien denbora. Atzetik, Etxeberria-Erdozia, Senosiain anaiak eta Rodriguez-Vicente sailkatu ziren.

Hirugarren multzoan Olasagasti-Jauregi gailendu ziren. 7.40 izan zen beraien denbora. Atzetik, Txapartegi-Etxebeste, Arrospide-Aierbe II.a, eta Azurmendi-Ugarteburu izan ziren. Azkeneko multzoan Lopez-Mendieta gailendu ziren, eta 7.34 izan zen beraien denbora. Atzetik, berriz, Rekondo-Atutxa, Mindegia-Erasun eta Mujika-Zubiaga sailkatu ziren.

Finala benetan dotorea izan zen, eta amaieran Nazabalek eta Peñagarikanok irabazi zuten. 5.54 izan zen beraien denbora. Bi segundora sailkatu ziren Otaegi eta Arria. Minutu bat eta bi segundora Lopez eta Mendieta sailkatu ziren, eta, minutu bat eta sei segundora, Olasagasti eta Jauregi.

Ikuskizuna

Ikuskizuna binaka 80 ontzako enborra zutik jarrita mozten hasi zen. Enbor hori Arrospidek eta Etxebestek 4 minutu eta 21 segundotan bota zuten, eta 4 minutu eta 33 segundotan Vicentek eta Nazabalek.

Baina horiek ez ziren izan atzo egin ziren saio bakarrak. Beteranoen saioa ere jokatu zen bost bikote bertan zirela, bakoitzak bina enbor moztu behar zituztela. Bikoak osatzeko, gazte pare bat ere nahastu behar izan zituzten helduekin. Garaile Jaunarena eta Rodriguez atera ziren, 2 minutu eta 19 segundoko denbora eginez. Atzetik, Barberena-Saralegi, Arregi-Esnaola, Arria II.a-Txikon eta Agite-Erasun sailkatu ziren.

Gazteen deman, berriz, Eneko Saralegik irabazi zuen, enbor bat mozten bera nagusitu baitzen. Atzetik, Eneko Otaño sailkatu zen. Ussia, Lopez eta Kortxero ere bertan izan ziren. Gaztetxoetan, Zabaleta nagusitu zen, Vicente II.aren aurretik.

Saioa amaitutakoan, sarien garaia heldu zen, eta agian horiek izan ziren unerik hunkigarrienak. Izan ere, torneoko garaileei, Peñagarikano beraren bi semeek eman zizkieten garaikurrak; beraz, Joxemieli bere semeak eman zion garaikurra, eta erabat hunkituta amaitu zuen. Arratsaldean jarraitu zuen festak herri bazkariarekin; Lizaso eta Peñagarikano bertsolariak -azken hori aizkolariaren lehengusua da- bertan izan ziren.

Peñagarikanok aizkora munduan egin duen ibilbidea bikaina izan da. Euskal Herriko lehen eta bigarren mailetako txapelduna izan da. Gipuzkoakoa ere bereganatu zuen. Urrezko Aizkora ere irabazitakoa da, bai banaka bai binaka ere. Donostiako Urrezko Kopako garailea izandakoa ere bada.

Horrenbestez, aizkolari batek gaur egun irabaz ditzakeen txapel guztiak bereganatutakoa da Beizamako aizkolaria. Azkeneko urteotan txapelketetako egurrak jartzen ari da, eta hemendik aurrera ere lantegi horretan jarraituko du.

Hunkigarria

Jaialdia oso hunkigarria izan zen, eta amaieran Joxemiel Peñagarikanok garaipenaren garaikurra bere semeak emanda jaso zuen. Horixe izan zen beretzat unerikpolit eta hunkigarrienetakoa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo