GARA > Idatzia > Kirolak

HARRI-JASOTZEA

Ostolatza nagusi izan da Albitzuri Handiarekin

p042_f02.jpg

J.L.

Joseba Ostolatzak eutsi egin zion Amezketako Albitzuri Handiarekin lortu zuen txapelari, atzo ere bera izan baitzen onena. Sekulako jendetza batu zen Amezketako pilotalekuan. 165,5 kilo pisatu zituen harriak.

Zazpi harri-jasotzaile ziren aritzekoak eta denak aritu ziren lanean, baina horietako bik, Calvok eta Ugartemendiak, ezin izan zuten harria jaso. Hamar minutuko txanda bat izan zuen kirolari bakoitzak lanerako.

Ostolatza eta Izeta II.a ziren irabazteko faboritoak, baina ezustea bigarren posturako lehian egon zen, Telleria II.ak lortu baitzuen postu hori. Izetarekin berdinduta geratu zen, eta horrelakoetan kilorik gutxien pisatzen duen kirolariak aurre hartzen du, eta, Telleria Izeta baino arinagoa denez, urnietarrak amaitu zuen bigarren postuan.

Lehia estua

Joseba Ostolatzak irabazi zuen, baina berak uste baino gehiago sufritu zuela onartu zuen saioaren amaieran. Zestoarrak zortzi jasoaldi eman zizkion, eta nahikoa izan zuen garaipena erdiesteko. Bigarren postuan ezustean sartu zen Telleria II.a. Urnietarrak lan handia egin zuen. Pisu arineko kirolaria da, baina atzokoan bikain aritu zen; agian arratsaldeko onena izan zen. Bost jasoaldi eman zizkion harriari. Izeta II.a uste baino okerrago aritu zen, eta, bost jasoaldi lortu ostean, hirugarren postuarekin konformatu behar izan zuen. Bi ustel ere eman zituen.

Bere atzetik sailkatu zen bere anaia, Izeta III.a, lau jasoaldirekin. Lertxundik, berriz, behin lortu zuen Albitzuri Handia bizkarrean berdintzea, eta bik, Calvok eta Ugartemendiak, ezin izan zuten harria berdindu. Saiatu saiatu ziren, ustelak ere mordo bat egin zituzten, baina jasoaldi bat ere ezin izan zuten lortu.

Amaieran, gustura zegoen Ostolatza lortutako garaipenarekin: «Egia esan irabaztea oso polita izaten da, baina uste baino gehiago kostatu zait. Harria labainkor samar zegoen, eta, gerrira nahiko ongi ekartzen banuen ere, hortik gora asko kostatu zait», azaldu zuen.

Sokatira

Sokatiran, Amaiurrek lortu du denboraldiko lehenengo txapela, Nafarroakoa irabazi baitzuen 630 kilotan. Lehen jardunaldiko emaitzak errepikatu ziren. Amaiur izan zen garaile; Berriozar, Basaburua-Imotz eta Txantrea geratu ziren atzetik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo