GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Kronika | Etxeraten X. batzar nazionala

Etxerat exige que el fin de la dispersión no tenga más demora

Elkartasunari mugak jartzea ezinezkoa dela erakutsi zuten atzo Arrasaten. Etxeratek preso eta iheslarien eskubideen alde lanean jarduteko eragileei, erakundeei, nazioarteko indarrei zein herritarrei eskua luzatzeko aprobetxatu zuen X. Biltzar Nazionala. Euri jasen gainetik, etorkizuna argitzen duten eguzki izpiak gailendu ziren.

p002_f01.jpg

«Larunbat goizean Zumarragan trena hartu eta igande goizean iristen nintzen Ceutara bisitara. Gero zortzi urtez Kanariasen egon zen; pentsa Kanariaserako bidaiak nolakoak izaten ziren! Ama batentzat pentsatu zer den, nik ez diot inori desiratzen bizimodu hau».

Etxeratek merezitako omenaldia eskaini zion atzo maiatzean zendu zen Joxepa Arregiri bere herrian, Arrasaten. Joxepa -Jesus Mari Zabarte presoaren ama- kinkea eskuetan duela oroitu zuten, senideen ibilbidea argitzen duen kinkea. Semea ikusteko Kanarietako Salto Del Negrora bidaiatzera iritsi zen Joxepa. Hunkituta entzun zituzten plazan emakumearen testigantzen grabaketak; izan ere, bertaratuek ondo ezagutzen duten errealitatea zuen hizpide.

Egungo egoera aztertu eta aurrera begirako lan ildoak eta erronkak finkatu zituzten preso eta iheslarien senideek Etxeraten X. Biltzar Nazionalean. Era berean, Etxerateko lehendakari berria ere izendatu zuten; Fermina Villanuevak beteko ditu lan horiek. Beñat Zarrabeitia Etxerateko kideak ekitaldia baino lehen azaldu zuenez, 700 lagun inguru bildu ziren. Erabakiak «hurrengo egunetan» azalduko dituzte. «Gogorra izan da aurtengo urtea, elkartasunaren kriminalizazioa asko bultzatu dutelako», esan zuen Zarrabeitiak. Antzokitik plazara atera zuten presoen aldeko aldarria.

Ibilbide luzeko sufrimendua

Bi hamarkada luze baino gehiago indarrean daramatzan sakabanaketaren ondorioz errepidean zendutako lagunak oroitu zituen Etxeratek. Taula gainetik ekitaldia aurkeztu zuen lagunak euren «eskertzarik handiena» eskaini zien senide eta lagunak aske eta euren herrietan ikusi gabe bidean geratu direnei.

Hala, 1982ko irailean Aranda de Dueroko espetxera bidean hil ziren Rosa eta Arantxa Amezaga tolosarrengandik hasi eta 2007ko abenduan hil zen Natividad Junko oñatiarreraino, errepidean zendu diren 21 lagunak omendu zituzten. Alcala Mecoko espetxeko dutxetan Joxe Ramon Goikotxea Leioako bizilaguna urkatua agertu zela 25 urte bete direnean, espetxean 16 euskal herritar hil direla gogor salatu zuten. Kartzelan hil den azken preso politikoa Roberto Sainz izan zen; duela lau urte Aranjuezeko espetxean bihotzekoak eman zion presoari 41 urte zituela.

Urte gogorrak eta gordinak izan dira hauek presoen senitartekoentzat. Senideek euren sufrimenduak «ibilbide luzea» duela azaldu zuten. 1977ko «sasi-amnistia» zela-eta Fran Aldanondo ondarroarrak espetxea utzi eta gutxira, Estatu espainoleko kartzelak berriz euskaldunekin betetzen hasi ziren. «Ordutik erregimen militarra, Polizia espainolaren karga basatiak Soria eta Puerton, segurtasun goreneko espetxeak martxan jartzea, iheslariei jazarpena, sakabanaketaren aplikazio masiboa, erasoak autobusei, damutze politikak, xantaiak, isolamenduaren areagotzea, katxeoak edo elkartasunaren kriminalizazioa, asko dira jasan ditugun jazarpen ekimenak», zioten.

Joxepa Arregiren senideei eta espetxean zein errepidean hil diren herritarren senideei lore eskaintza eta aurreskua eginda, bertsolariek ere elkartasun eta presoekiko babes hitzak izan zituzten. Taula gainetik Etxerateko Jose Cruz Coto eta Amaia Sarrionaindiak hartu zuten hitza senideen izenean. Eztabaida «zabal» eta «parte-hartzaile» batean, iheslarien eta espetxean direnen egoera sakon aztertu zutela azaldu zuten.

Etapa beltzaren amaiera

Egungo espetxe politikari erreparatuta, «eskubide irizpideekin jokatu beharrean», estatuek «errepresioaren bidetik» jarraitzen dutela ohartarazi zuten. Egoera hobetzetik urrun, gogorarazi zuten presoen aurkako neurriak «zorrozten» ari direla espetxeetan. Cotok salatu zuenez, xantaia «etengabea» da presoen aurka, «jipoi eta miaketak bezala». «Beste aldera begiratzeari utzi» eta «berehala» irtenbideak hartzeko beharraz hitz egin zuten bozeramaileek. «Oinarrizko eskubideak ukatuz, xantaia eta mendeku goseak gidatzen duen politika da», esan zuen Cotok. Hala, egoera horrekin amaitzeko nahia dutenak asko direla esan zuen.

Bestalde, estatuek presoak euren helburu politikoak lortzeko erabiltzea gaitzetsi zuten. Sarrionaindiak salatu zuenez, «senideen aurkako jazarpen eta neurriak gehitu dituzte, errealitate krudel hau ezkutatuz presoen aurka inpunitate osoz jokatzeko». Hala ere, egoera «gordina» ahalik eta azkarren gainditzeko nahia agertu zuten Etxerateko kideek. Presoen eskubideen aldeko lanean ez dutela bakarrik jardun nahi azalduta, elkarlanerako bidea zabaldu zuten: «Eskua luzatu nahi diogu herri honi, eragile orori, instituzioei, nazioarteko indarrei eta herritargo zabalari».

Ekitaldian Euskal Herriak «ezagutu duen etaparik beltzenari» amaiera emateko nahia agertu zuten, «elkartasunari bidea zabalduz». «Gure indar, borondate eta determinazio osoz, egun eta gau lanean jarraituko dugu denak lehenbailehen etxean izan arte».

Euri jasari eta hotzari aurre egiteko salda beroa hartzera gonbidatzearekin batera, lanean jarraitzeko aldarrikapenarekin eman zioten amaiera ekitaldiari: «Senide eta lagunak etxera ekarri arte lanean jarraituko dugu; denon artean lortuko dugu».

Janire ARRONDO

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo