MOTOZIKLISMOA Munduko Txapelketa
Marquezek azken koroa, Lorenzok errekor berria
GARA | VALENTZIA
Erabakitzeko falta zen azken titulurako borrokan ez zen ezusterik izan eta Marc Marquez izan zen nagusi. 17 urteko kataluniarra ez zen lasterketako lehian sartu, eta titulua lortzeko nahikoa zuen laugarren postuarekin konformatu zen.
Valentzian korritutako lasterketaren irabazlea, berriz, Bradley Smith britainiarra izan zen, Espargaro eta Terolen aurretik. Efren Vazquezek zortzigarren postua erdietsi zuen eta Munduko Txapelketa sailkapeneko bosgarren lekuan bukatzea lortu du.
Maila nagusian Jorge Lorenzok egundoko denboraldia borobildu zuen. Balearrak aurtengo zortzigarren garaipena erdietsi zuen, hirugarren itzulian erorikoa izateko puntuan izan arren. Bide batez, errekor berria ezarri du: Yamaha etxeko pilotuak 383 puntu biltzea lortu du, bere ibilbideko denboraldirik onenean -lasterketa bakar batean ere ez da laugarren postutik jaitsi-.
Hala, Rossiren errekorra 10 puntuz apurtu du. Moto 2 mailan Iannone izan zen nagusi Valentzian.