GARA > Idatzia > Kultura> Ikus-entzun

Independentziaren aldeko lip dub jendetsu bat egitera deitu dute

Herrialde Katalanen independentziaren alde egindako lip dub batek munduko errekorra bereganatu du; jendetsuena izan da. 5.771 lagunek parte hartu dute Vic hiriko grabaketan, Obrint Pas taldearen musikarekin. Zergatik ez egin halako zerbait Euskal Herrian?

p010_f01_250x124.jpg

 

Joan den urriaren 24an, Kataluniako Vic hirian, 5.771 lagun bildu ziren Herrialde Katalanen independentziaren aldeko lip dub bat grabatzeko asmoz. Interneteko sare sozialekin batera arrakasta handia lortzen ari diren ikus-entzunezko hauetan, gazte talde handiek parte hartzen dute. Filmatzaileak ibilbide bat egiten du kamera mugikorrarekin eta bidean topatzen dituen pertsonek abesti ezagun baten hitzak jarraitzen dituzte ezpainekin eta dantzarekin.

Kataluniarrek aukeratutako abestia “La Flama” da, Obrint Pas taldearena. World Records Academyk ziurtatu duenez, mundu mailako errekorra bereganatu dute, orain arteko lip dub jendetsuena egin baitute.

Ekimena Herrialde Katalanetako biztanleek jarri zuten abian, mundu guztiari Katalunia nazio bat dela eta horregatik independentzia behar duela jakinarazteko, biziraupena eta etorkizuna bermatzeko. Bideoaren arrakasta ikusirik, Euskal Herrian ere hasi dira ahots batzuk hemen ere antzeko zerbait egin ez ote daitekeen galdetzen. Hala, http://lipdub.euskalherrian.info webgunean, lip dub jendetsu bat egiteko deialdia zabaldu dute eta animatzen den jendeari auzolanean hasteko, ideiak prestatzeko eta proposamenak egiteko gonbidapena luzatu diote.

Lip Dub Euskal Herrian izeneko gunean, ikus-entzunezko hauei buruzko informazioa eskuratzeko modua dago, baita gurean egin diren lan batzuk ikustekoa ere. Adibidez, Altsasuko gaztetxeak hogei urte bete dituela-eta, lip dub interesgarria osatu dute beren lana, zeregina eta egunerokotasuna modu irudimentsuan azalduz. “20 seinale” du izena lanak eta Vendetta taldearen doinuen erritmora egiten dute dantza parte hartu duten gazteek.

Seguran ere, Xabier Leteren “Gizon arruntaren koplak” kantuarekin lan ederra egin dute herritarrek. Eta Zarautzen, berriz, txosnen alde egin zuten beste bat. Orain arte, azken hori izan da Euskal Herriko lip dub ezagunenetakoa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo