Kronika | "master class" berezia BBK Aretoan
Igande eguerdia da Bilbon, Adrian Belew jaunarekin gitarra astintzeko ordua
Gurean Adrian Belew ezagutzen dutenak asko balira ere, ez lirateke inoiz berak sortutako musika entzun dutenak baino gehiago. Izan ere, King Crimson taldeko gitarra jotzailea Frank Zappa, Talking Heads eta besterekin lan egindakoa dugu.
Anartz BILBAO
Igandeak hotza dakar Bilbora, eta, eguerdia bada ere, badira 60 bat lagun BBK aretora jo dutenak, Adrian Belew miretsiarekin ikasteko asmoz. Berrogeitik gorakoak dira gehienak, eta apenas dago emakumerik. Askok, gainera, gitarra jotzen dute, maisuari egingo dizkioten galdera teknikoetan argi geldituko denez.
Adrian Belew (1949, Kentucky, AEB) musikariak Bilbon emandako master class bereziaz ari gara. Sekulako eskarmentua duen morroia da Belew, rock progresiboari eta musika esperimentalari lotua. Gazte-gaztetatik musikari lotua, danborrak jotzen hasi eta gitarra jotzaile berritzaile bilakatu da Belew, autodidakta izanda. Eta horren lekuko da izan duen ibilbide oparoa. Urtebetez Frank Zappa handiaren taldekide izan zen, eta David Bowierekin jo zuen gero –1979ko “Lodger” lanean parte hartu zuen–. Horrez gain, David Byrneren Talking Heads taldearen biretan parte hartu zuen –eta Brian Enorekin lan egin–, baita beste makina bat musikariren lanetan jo ere.
Baina Belew, King Crimsoneko gitarra jotzaile legez da batez ere ezagun. Alta, atzo berak esan zuenez Robert Fripp taldekideak besterik erabaki arte taldea «lotan» dagoenez, power hirukote batekin ari da estatubatuarra jo eta su, Julie Slick baxu jotzailearekin eta Marco Minnemann bateria jotzailearekin batera, herenegun Barakaldoko RockStar Live aretoan erakutsi zuenez.
Atzoko master class interesgarrian, hain zuzen ere, aurreko gauean Barakaldon izandakoak ziren asko. «Belew ezagutzen dugulako etorri gara, bai atzoko kontzertura bai gaurko eskolara. Eragin handia du gugan», esan zigun bularrean Lisaboren txapa zeraman gazte bizardun batek. «Guk ere jotzen dugunez, Belew- berak erabiltzen dituen trikimailuak ezagutu nahi genituen, eta... begiraiozu, 60ko hamarkadatik darama musika eraberritzen, eta inork egiten ez dituen soinuak sortzen ditu!». Eragin horren isla, Belew atseginaren agurraren ondoren –Mr. Jam musika eskolako Iñigo Corcuera izan zuen lagun itzultzaile lanetan–, galdera tekniko mordoa egin zizkioten, gitarra jotzaileak modu praktikoan ere erantzun zituenak, tarteka kantuak jo eta teknika erakustaldiak eginda (atzean zuen pantaila erraldoiak bere eskuen digitazioa erakusten zuen, eta bertara so izan ziren ikasleak, adi).
Gitarraren garapena
Musikariak berak garatutako Parker Fly modeloa aurkeztu zuen aurrena, eta lehen galderari erantzun –gitarra saltzailea dirudi!–. Sei hilabete daramatza munduan barrena aipatu gitarra jotzen, ordenagailura lotu eta anplifikadore beharrik gabe lortzen baititu jo nahi dituen efektu guztiak. Eskalak ere izan zituen berbagai, eta kromatikoa zein simetrikoa erabiltzen dituela agertu zuen, beste kontu tekniko askoren artean. Baina gitarra jotzaile ez direnentzat ere izan ziren kontu erakargarriak, Robert Trippekin nola egiten duen lan edo Bowie eta Zappa nola ezagutu zituen kontatu zituenekoak, kasu.
Ikus-entzule helduagotxoak ere aurkitu genituen aretoan, master class berezia bukatu bezain pronto kontu kontari. «Primeran dago ohiko zirkuituetatik kanpo dagoen jendea ekartzea eskolak ematera, naiz eta atzo zuzenekoaren soinua ez zitzaidan asko gustatu», aitortu zigun batek. «Oso gizon jatorra da», etorri ziren bat guztiak. Beste batek «soilik Frank Zappa nola ezagutu zuen entzuteagatik merezi zuen sarrera ordaintzeak» esan zigun, eta, ondoan zuen lagunak –atzo aretora gitarra eta guzti agertu zen bakarrak–, «ikasi egiten duzu eta motibatu egiten zaitu, orain etxera joan eta jo eta su jarraitzeko». Batez ere, King Crimsonen eraginak batzen zuen koadrila.
Eskola bukatu zenerako ordu biak jota ziren. Kanpoan euria zen oraindik ere. Gitarra armairutik ateratzeko garaia heldu da.