GARA > Idatzia > Kultura

Beñat Ugartetxea nagusitu da Bizkaiko txapelketako bosgarren eta azken kanporaketan

Getxon, 350 bertsozaleren berotasunean, jokatu zuten atzo Bizkaiko txapelketako azken kanporaketa. Beñat Ugartetxeak irabazi zuen, eta dagoeneko badakigu zeintzuk iritsi diren finalaurrekoetara.

p058_f01.jpg

GARA | GETXO

Gorka Ostolaza, Olatz Ibarluzea, Eneko Arrate, Eñaut Uruburu, Beñat Ugartetxea eta Ion Barrocal aritu ziren kantuan Bizkaiko Bertsolari Txapelketako bosgarren eta azken kanporaketan, Zuriñe Iarritu gai-jartzailearen esanetara. Bertso gosez ziren 350 herritarrek Erromoko Gobela kiroldegia bete zuten, eta berotasuna eta babesa eman zieten artista gazteei finalaurrekoetara ailegatzeko azken txanpa horretan.

Mirari Azula, Jurgi Fuentes, Iñigo Gojenola, Josu Telleria, Gorka Intxaurbe eta Ainhoa Munitxa aritu ziren bertsolarien lana epaitzen, eta, idazkari lanak, aldiz, Miren Itziar Basterretxeak egin zituen. Epaileentzat Beñat Ugartetxeak egindako bertsoaldia izan zen onena, eta, horren erakusle, 392 puntu eman zizkioten. Gainontzeko bertsolarien puntuazioak honela gelditu ziren: Gorka Lazkanok 377 puntu bildu zituen; Eñaut Uruburuk, 344 puntu; Ion Barrocalek, 339; Eneko Arratek, 335; eta, azkenik, Olatz Ibarluzeak, 301.

Getxoko kanporaketa honekin, erabakita gelditu zen zein bertsolari lehiatuko diren finalaurrekoetan. Alde batetik, kantuan izango dira izena eman duten orain bi urteko finalistak: Arkaitz Estiballes, Onintza Enbeita, Etxahun Lekue, Fredi Paia eta Iratxe Ibarra. Bestetik, kanporaketa saioetako irabazleak arituko dira: Oihana Bartra (Mungiako irabazlea), Jone Uria (Balmasedakoa), Ibon Ajuria (Aulestikoa), Miren Amuriza (Igorrekoa) eta Beñat Ugartetxea (Getxokoa). Eta, azkenik, puntuazioen arabera sailkatutakoak: Gorka Ostolaza (400), Arrate Illaro (392,5), Peio Ormazabal (392), Gorka Lazkano (377), Xabier Enbeita (370,5), Eneko Abasolo (365,5), Xabat Galletebeitia (364,5) eta Joseba Artza (363).

Durangon egingo dute lehenbiziko finalaurrekoa datorren azaroaren 21ean, Landako gunean. Hurrengo saioa Zornotzan izango da, Zelaieta frontoian, azaroaren 28an; hirugarrena, azkenik, Gernika-Lumoko Jai Alai pilotalekuan, abenduaren 5ean. Finala abenduaren 18an jokatuko dute BECen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo