GARA > Idatzia > Kirolak> Errugbia

Lehen postuak itxaron egin beharko du


LA VILA 39

ORDIZIA 23

J.L. | DONOSTIA

Ampo Ordiziak aukera zuen sailkapeneko lehen postua hartzeko, lehenengoaren zelaian jokatzen baitzuen, baina horretarako irabazi egin behar zuen, eta ezin izan zuen hori lortu. Horrenbestez, beste aukera baten zain egon beharko du.

Gauzak oso ongi hasi ziren euskaldunentzat, Matarucok oso goiz lortu baitzuen entsegua, baina hortik aurrera gauzak estutzen joan ziren. Dena dela, lehen zatia oso ona izan zen, bi taldeek baloia eskura jokatuz min handia egin baitzuten. Sailkapeneko goialdean ibiliko direla argi eta garbi utzi zuten batzuk zein besteek.

Bigarren zatian, ordea, etxekoak gehiago izan ziren. Hobeto jokatu zuten, eta euskaldunek ez zuten izan aukera handiegirik. «Galdu dugu, baina burua tente daramakigu. Bigarren itzuli oso-osoa daukagu hobetzen joateko. Lehen zatiko zenbakiak ikaragarriak dira, eta gustura egoteko moduan gaude», esan zuen Axio Araña entrenatzaileak.

Bera Berak, galdu

Pegamo Bera Berak ere ezin izan zuen garaipenik erdietsi, atzo galdu egin baitzuen Valladolidera, Quesos Entrepinaresen zelaira, egin zuen bisitan. Amaieran, 20-17eko emaitza erakusten zuen markagailuak.

Galdu arren, puntu bat eskuratu ahal izan zuten gipuzkoarrek, defentsako lanari esker. Lehen zatia ez zen ona izan; etxekoak nagusi izan ziren eta 13-0koarekin joan ziren atseden hartzera.

Bigarren zatian, ordea, gipuzkoarrak erasora jo zuten, eta aurrealdean duten indarra baliatuz, partida iraultzera joan ziren; Hernandezek lortutako bi entseguei esker, 20-17 hurbildu ziren markagailuan. Azkeneko minutuetan erasoan aritu ziren donostiarrak, eta gertu izan zuten garaipena emango zien entsegua ere; aldiz, hori ez zen iritsi eta Bera Berakoak garaipenik gabe geratu ziren azkenean. Hori bai, talde handi baten zelaian puntu bat lortzea ez dago gaizki, eta nahikoa gustura etxeratu ziren. Atzeko postuak, gainera, geroz eta atzerago dituzte, eta, hortaz, mailari eusteko aukera geroz eta gertuago dute; bigarren itzuli oso txarra egin beharko lukete maila galtzeko.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo