GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Gonzalezen esana, nazkagarria baino, argigarria

Gerra zikinak haren hamalau urteko agintaldian izan zuen indarra kontuan hartuta, euskal herritarrari nazkagarria egingo zitzaion Felipe Gonzalezek igandean esandakoa. Baina horretan harridurarako tarterik ez zegoen. Herri honen historia ezagutzen duen edonork badaki -frogak izanda ala izan gabe- zer egin zuen GALek, nor den Gonzalez, nola jokatu duten haren gobernuek. Eta horregatik inor gutxi harrituko zen orain, ETAko buruzagitza hiltzeko agindu ez izanagatik ongi ala gaizki egin zuen ez dakiela entzutean, noren eta Felipe Gonzalezen ahotik.

Nazkagarriak baino, argigarriak dira hitzok. Eta alde txarretik dutena nabarmentzea baino, horietatik atera daitekeen alde onari begiratzeko ahalegina egitea merezi du. Estreinakoz, urte haietan aipatu zituen «Estatuaren estoldak» zertxobait ageriago utzi ditu Gonzalezek, eta ez da gutxi, are gutxiago etorkizun hurbilean Euskal Herrian gatazka konpontzeko prozesua abiatzen bada.

Izan ere, horretan izango da gatazkaren egia guztiak aitortzeko ordua. Estatu espainolak ere indarkeriarik bortitzena erabili duela agerian gelditu behar da. Eta eraso latzenak jasanda eta Estatu oso baten aurka jo arren, euskal independentistek inoiz ez dutela etsi ere nabarmendu behar da. Felipe Gonzalezen hitz nahasien atzean, hau guztia ere ondoriozta daiteke.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo