GARA > Idatzia > Euskal Herria

Larresoroko eskola publikoa okupatu dute gurasoek irakasle gehiago eskatzeko

Hamar bat gurasoz osatutako talde batek Larresoroko eskola publikoa okupatu zuen atzo goizean. Pauen biltzekoa zen Pirinio Atlantikoetako departamenduko Hezkuntza Kontseiluari irakasle lanpostu-erdi bat gehiago izateko eskakizuna indartzea zen ekintzaren helburua.

p016_f01.jpg

GARA

Ikasleek ez ezik, atzo, hamar bat aita-amek ere Larresoroko eskola publikora jo zuten. Gurasoak aspaldi ari dira irakasle postuen emendatzea eskatzen, batez ere, eskolaurreko taldeari dagokionez.

Izan ere, gaur egun dagoen talde bakarrak 32 ikasle ditu eta, gurasoen aburuz, egun dauden giza-baliabideak ez dira aski haur kopuru horretaz arduratzeko.

Adin horretan umeak autonomoak ez direnez, euren hezkuntza bermatu ahal izateko «ongi inguratuak» izan behar dutela deritzote gurasoek.

Gainera, hurrengo ikasturterako izen-emateak ugaritzen ari dira. Horregatik, eskaera zehatza egin diote Hezkuntza Sailari, irakasle lanpostu-erdi bat gehiago onartzea, alegia.

Haur gehiago ez hartu

Arazoaren berri baduen arren, Paueko Akademia Ikuskaritzak eskaintzen dien irtenbide bakarra izen-emate berriak gibelatzea da.

Alta, Larresoroko gurasoak ez daude prest guraso berriei zerbitzu publiko baten ateak ixteko, are eta gutxiago, Lapurdiko herrixkako biztanleria etengabe emendatzen ari delarik. Azken bost urteotan biztanleen kopurua %30 igo da, baina eskolako giza-baliabideak ez dira horretara egokitu. Egun, orotara, 80 haur daude eskolaratuta.

2,5 irakasle

Orotara, Larresoron bi irakasle lanpostu eta erdi daude eskolaratutako 80 ikasleentzat. Ia erdia ama-eskolan dira (2 eta 5 urte bitartekoak) irakasle bakarrarekin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo