Kronika | Dabilen Elea saria
Zentsuraren itzaletik ihesi, euskal liburugintzari ateak zabaldu zizkion bilduma
Gerra aurreko nahiz osteko garaiak ez ziren errazak izan. Are gutxiago literaturarentzat. Patxi Unzurrunzagak bereari eutsi, eta, 1932an, Itxaropena argitaletxea sortu zuen. Hogei urte geroago, 1952an, «Kuliska» bildumak argia ikusi zuen «Noni eta Mani» alearekin. Atzo, orduan erakutsitako kemen eta ausardiagatik, eta batez ere euskal argitalpenei bidea zabaltzeagatik, Dabilen Elea saria jaso zuen Donostian.
O. LARRETXEA
Kuliska hegazti mota bat da. Nahiko iheskorra omen dena. Hegan egiten du, noski. Patxi Unzurrunzaga donostiarrak 1952an (Itxaropena argitaletxearen baitan) sortu zuen bildumak izen hori zuen: Kuliska. Eta bertako argitalpenek, hitz haiek, hegaka, garaiko zentsuraren atzaparretatik ihes egitea lortu zuten. Atzo Donostiako Victoria Eugenian ospatu zen Liburuaren Gauaren baitan, hirugarren urtez, Euskal Editoreen Elkarteak (EEE), Euskal Idazleen Elkarteak (EIE), Euskal irudigile Profesionalen Elkarteak (APIE-EIEP), Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak (EIZIE) eta Galtzagorri Elkarteak 2010eko Dabilen Elea Saria eman zioten, hain zuzen, Itxaropena argitaletxeari, egindako ibilbide luze eta gogorra aitortuz.
Saria Patxi Unzurruzagaren biloba Pello Unzurrunzagak jaso zuen, «aitona eta aitaren izenean». «Itxaropena sortu zen garaian -oroitu zuen-, euskalduna zen guztia susmagarria zen. Ezkutuan eta, badaezpada, isilean egiten zuten lana». Patxik, ordea, ez zuen etsi. Atzo bertan bildu zirenetako askok hain zuzen, nabarmendu zuten nola eutsi zion bere ametsari, eta indarrez jarraitze horrek eraman zuela hura betetzera.
Kuliskak Zarauzko Euskal Jaian ikusi zuen argia. «Unzurrunzagak zuzenean jo zuen 1947ko irailaren 9 hartan orduko Pedro Rocamorarengana», kontatu zuen Idoia Noble itzultzaileak. Rocamora Estatu espainiarreko Prentsa eta Propaganda zuzendari orokorra zen, eta festan zebilen hura ere. Non, eta Zarautzen. «Patxi poema erlijioso eta folkloriko batzuk argitaratzeko baimen eske hurbildu zitzaion, eta baiezkoa jaso zuen».
Bakartxo Arrizabalagak, EIZEko lehendakariak, pasarte honetan oinarrituz nabarmendu zuen aurrekoek erraztutako bidea. «Liburua zalantzan jartzen diguten egunotan, garai batean batzuk liburuengatik kezkatu zirelako, sinesmena eta itxaropena jarri zutelako gaude gaur gauden egoera onean». Horren ondotik heldu ziren, besteak beste, Erein, Elkar, Lur eta Sendoa argitaletxeak.
Baiezkoa jaso eta bost urtera, 1952. urtean, «Noni eta Mani» alea kaleratu zen, bildumaren lehen izenburua. Gero, orotariko gaiez mintzatzen ziren beste 76 izenburu etorri ziren: biografiak, itzulpenak, antzerkia, saiakera, bertsolaritza edota nobela eta olerkia. Jon Etxaideren «Joanak joan», Txomin Agirreren «Kresala» edota Salbatore Mitxelenaren «Arraun eta ametsa». Dena euskaraz. «Kuliska» sortan izan zen aurrenekoz Lizardiren poema liburu bat irudiz hornituta, Antonio Valverde marrazkilariak egina, eta Hemingway idazlearen «Agurea eta itsasoa» ere topa daiteke bertan. Bildumako genero bakoitzari keinu eginez, elkarteetako kideek hainbat pasarte irakurri zituzten. Batzuetan euskara ezaguna zen, besteetan aspaldikoa zela sumatzen zen. Baina biak ala biak, euskara. Gaur geure liburuetan egon zedin, Patxirekin batera bidea kemenez egin zuen hizkuntza.