GARA > Idatzia > Euskal Herria

Kronika | Alkizako araztegira bisita

Kutsaduratik ihesi, lehenengo ur araztegi jasangarria Alkizan

Erabilitako urak ibaira garbi itzultzea helburu, ekonomikoki, teknikoki zein ingurumenaren ikuspegitik jasangarria den araztegia dute Alkizan. Lur filtro handi batetik herritik datorren ura iragazi eta zizareekin tratatzen dute dakarren hondakina. Horrela, ohiko araztegietako kutsatutako lokatzaren ordez, ongarria ateratzen dute.

p017_f01_111x111.jpg

Goizean goizetik, ostiral goiz arrunt batekin alderatuta, ezohiko mugimendua antzematen zen atzo Alkizan. Plazan jolasean zebiltzan eskolako umeak ere harrituta geratu ziren begira, herrira horrenbeste bisitari zerk ekarri ote zituen galdezka. Eurentzat jada ezaguna bada ere, herriko araztegia bisitatzeko bildu ziren Tolosaldeko hainbat herritako alkateak, Gipuzkoako Aldundiko ordezkariak zein kazetari ugari, Alkizako alkate eta udal ordezkarien gidaritzarekin. Maiatzean jarri zuten martxan herritik gertu, erabat aire librean aurkitzen den araztegia. Lehen sei hilabeteak pasata, aurreikusitako emaitzak eman dituela nabarmendu zuen herriko alkateak.

Hala, Jon Roteta alkatearekin batera, Gipuzkoako Aldunditik Markel Olano eta Ingurumen diputatu Carlos Ormazabal izan ziren. Bai eta hainbat alkate ere: Maribi Ugalde Irurakoa, Periko Peñagarikano Anoetakoa, Arantza Aburuza Adunakoa eta Jesus Mari Gorostidi Abaltzisketakoa, esaterako.

Ez Euskal Herrian, ez hemendik kanpora, ez da berritasuna herri batek urak garbitzeko araztegia izatea. Alkizakoa, baina, herri txikien beharretara egokituta dago eta teknologia berritzaileei esker ingurumenarekiko begirunez jokatzen du; aitzindaria da horretan. Donostiako Bidatek enpresak hiru urtez garatu duen sistema hau guztiz jasangarria da, Borja Vallina ingeniariak azaldu zuenez. Alderdi ekonomikotik erreparatuta, araztegia eraikitzeari, mantenuari zein energia kontsumoari dagokionez, «gastuak txikiak» dira. Egia esan, instalazioen sinpletasuna izan zen bisitarien arreta bereganatu zuena. Araztegiaren teknologiari dagokionez ere, «ez du goi mailako teknikarien beharrik» eta herriko langileek har dezakete ardura. Zehazki, Alkizako Udaleko langile batek hilean soilik 14 ordu eskaintzen dizkio araztegiari. Azkenik, Vallinak ziurtatu zuenez, ingurumenarentzat jasangarria da.

Zizareak, hondakin-jale

Herriko urei lehenbizi hondakin solidoak kentzen dizkiete dekantazio bidez, plastikoak edo egur zatiak, esaterako. Gero, gakoa, ura filtro erraldoi batean iragaztea da. Belardiak ureztatzean bezala, aspertsio bidez, ura lurrezko iragazkira pasatzen da. Filtro hori, 75 metro inguruko sakonera duen depositu handi batek osatzen du. Elementu naturalez osaturiko hiru geruza ditu filtro horrek; bakteria eta onddo ugari daude bertan. Urak geruzak igarotzen dituen heinean filtroaren behealdean biltzen da ibaira itzultzeko moduko ura.

Bisitarien arreta bereganatu zutenak, ordea, filtroaren goiko geruzako zizareak izan ziren. Uretik bereizten diren hondakinak desegiteko erabiltzen dituzte zizareak; hondakinez elikatzen dira horiek. Horrela, zizareek sortzen dituzten deiekzio edo kondarrak nekazaritzarako ongarri gisa erabiltzen dituzte. «Horrela zirkulua ixten dugu», zioen Vallinak.

Azken pauso hori da sistema honen berrikuntza garrantzitsuena, lokatz kutsakorrik ez sortzearena, alegia. Ohiko araztegiek dekantazio bidez uretatik hondakinak bereizten dituzte, baina, gero kondar kutsakor horiek, bestelako tratamendu bat jaso ezean, zabortegira eramaten dira. Vallinak nabarmendu zuenez, «ingurumenaren jasangarritasuna, ekonomikoa zein teknikoa bilatze aldera sortutako teknologietan pentsatzen ez badugu, proiektuek ez dute arrakastarik izango». Bitxia izan zen hori entzutea, Pasaiako kanpo portuaren edo Zubietako errauste-plantaren proiektuak defendatzen dituztenek finantzatutako proiektua izanik.

Janire ARRONDO

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo