Pilota
Makeak prest dauka joko berri dotorea
J.L.
Joko berrietan goi mailako pilotariekin torneoak antolatzea ez da ohikoa, eta are gutxiago joko berri pilotaleku berriak egitea. Horixe gertatu da Makean, jadanik prest baitute Mindegia joko berria. Joko berriak orain dela 50 urte inguru hasi ziren egiten, trinketeko eta ezker paretako eskuzko pilotariak batzeko asmoarekin. Joko berriak, ezkerreko aldea eta errebotea trinketetakoak bezalakoak ditu, eta frontisa eta eskuin aldea, berriz, frontoietakoak bezalakoak. Neurriak, berriz, trinketen parekoak ditu.
Garai hartan, politika kontuak medio, federazioek ez zuten onartu pilotan aritzeko leku berri hori, eta nahiko geldirik egon da joko modu hori, nahiz eta azkenaldian berpizten ari den. Makean, jokaleku berria izateaz gain, goi mailako pilotariekin torneo dotore bat ere antolatu dute. Herenegun jokatu ziren finalerdiak, eta ia bete egin ziren Mindegia joko berriko harmailak. Lehen partidan, Intxauspek eta Ozafrainek 40 eta 30 hartu zituzten mendean Alfaro eta Ducassou. Bigarren neurketan, Bielle-Bonebeltxe bikoak 40-31 irabazi zion Larretxea-Ezkurra bikoari, nahiz eta azken hauek ziren faboritoak.
Beraz, finala, gaur 17.30etik aurrera, Intxauspe-Ozafrainek eta Bielle-Bonebeltxek jokatuko dute. Joko berrian pilota partidarik inoiz ikusi ez dutenek, aukera ederra dute gaur joko era hori ezagutzeko Makeako Mindegia joko berrian.
Baigorriko finala
Berezkoek trinketean ere, beren jokalekuan, alegia, badute final bat asteburuan, Baigorriko Torneoa erabakiko baita. Bihar, 11.00etatik aitzinera, Waltari-Kurutxari Lanbert-Etxetoren aurka neurtuko dira. Finalerdietan, Waltarik eta Kurutxarik aise irabazi zieten Ibarrola-Lanberti II.ari, 40-25 hain zuzen. Bigarren finalerdian ere emaitza errepikatu egin zen, 40-25 hartu baitzituzten mendean Bielle-Harizmendi.