San Suu Kyi askatzeko agindua, legezkoa soilik?
Myanmarko agintari militarrek San Suu Kyi oposizioko burua askatzeko agindua sinatu zuten atzo. Azken 21 urteetatik 15 etxeko atxiloaldian eman ditu Suu Kyik, eta badira zenbait faktore haren askatasunaren nondik norakoak ulertzen lagun dezaketenak. Lehenengoak ez du interpretazio burutsurik eskatzen, Suu Kyiren abokatuak esan zuenez, bere azken etxeko atxiloaldia, 18 hilabetekoa, gaur amaitzekoa baitzen eta legearen aginduz sinatu behar baitzuten hura askatzeko agindua. Gero, ordea, berriro atxilotzea gerta liteke, beste hainbatetan bezala, baina ez dirudi besterik gabe halakorik gertatuko denik. Izan ere, Myanmarrek nazioarteko presio handia jasaten du, zigorrak barne, eta Gobernu militarraren kontrolpeko trantsizio prozesu bati ekiteko abiapuntu gisa ere uler liteke agian Suun Kyiren kaleratzea. Joan den igandean hauteskundeak izan ziren, militarrek nazioartearen aurrean irudi «demokratikoagoa» agertzeko eginak, hauteskunde horiek, herrialdean ez ezik, nazioartean ere iruzurtzat jo badituzte ere. Testuinguru horretan, Suu Kyi askatzea nolabaiteko trantsiziorako keinua izan liteke. Ikusteko dago noraino joan daitekeen sumatzen den prozesua. Oraingoz, militarrek hauteskundeetan -Suu Kyik parte hartzeko aukera izan ez zuen hauteskundeetan- eskuratutako «gehiengo zabala» dute.