GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

«Partidak jokatuz, ziur nago konfiantza hartu eta beldurrak uxatuko ditudala»

p037_f01.jpg

Jon ORMAZABAL

Txapelketako partida garrantzitsu batez gain, Barriolak eta Gonzalezek Lau eta Erdiko Txapelketako finalerdietako ligaxka irekiko dute. Pilotazale askok irrikaz itxarondako eguna helduko da gaur, denbora gehiegi da-eta Aimar Olaizola jokatzen ikusi ez dutela.

Horrenbeste denbora geldi egon ostean, zuriz jantzi eta partida bat jokatzeko ilusioz eta irrikaz egongo zara, ezta?

Normala den bezala, hainbeste denbora jokatu gabe egon ostean, ilusioz nago. Nik beti esan dut pilotari batentzat garrantzitsuena zuriz jokatzea dela, eta nik gainera gozatu egiten dut partidak jokatzen. Ilusio handia dut eta ea dena ondo ateratzen den, gehienbat ea ez dudan inolako minik nabaritzen.

Entrenamendu dezente egin dituzu azkenaldian. Nola sumatzen duzu zeure burua?

Agian joko mailaz ondo ez, baina fisikoki ondo nago. Normala den bezala, entrenamendu dezente egin ditut, baina oraindik beldur dezente dauzkat, konfiantza falta eta nabaritzen da oso «desenkantxatua» nagoela. Baina orain garrantzitsuena partidak jokatuz konfiantza hori berreskuratzea da eta horregatik erabaki dugu berriro jokatzen hastea.

Jokatzea al da beldur horiek uxatzeko eta konfiantza maila hori berreskuratzeko biderik onena?

Hori da. Nahiz eta entrenamendu dezente egin ditudan, normalean behintzat partidak jokatu ahala egiten da hobekuntza. Buruak ere beste lan bat egiten du eta entrenamenduetan, nahi gabe ere, beti beldur gehiagorekin aritzen zara. Nik uste dut ondo etorriko zaidala partidak jokatzea, espero dezagun molestiarik ez nabaritzea, baina partidak jokatuz seguru nago konfiantza hartu eta beldurrak kenduko ditudala.

Urtebetetzetako oparirik onena izango da hau, ezta?

Egun horiei ez diet garrantzi handirik ematen. Kasualitatez egun honetan gertatu da, baina niretzat hori baino askozaz garrantzitsuagoa da berriz ere zuriz janztea.

Sei hilabete luze hauetan zer izan da gogorrena, egunero Gasteizeraino joan beharra, buruak egiten duen lana edo jokatu gabe egon beharra?

Denetatik pixka bat; egunero Gasteizera joan beharra, han bospasei orduz gauza berberak egiten egon beharra. Hasieran makuluekin-eta ibili behar izan nuen. Hasieran plastikozko babes batekin egon behar nuen eta ez zidan ondo lo egiten uzten... dena izan da gogorra. Dena dela, bigarren edo hirugarren hilabetetik aurrera, ni ere hasi nintzen hobekuntza nabaritzen, makuluak utzi eta ni bakarrik defendatzen nintzen. Gauzak hobetzen joan ahala beste poz bat ematen zuen eta errazagoa izan da eguneroko lana.

Zure inguruan egon direnek nabarmendu dute diziplina handia izan duzula errekuperazio lanetan...

Lehenbailehen eta ahalik eta hobekien osatzeko, lehenbizi ondo operatu beharra zegoen, eta horretan zorte handia izan dut oso esku onetan egon naizelako Mikel Sanchezekin, eta Itsaso fisioterapeutak egindako lana ere aipatu beharko nuke. Egunero nire gainean egon da eta asko lagundu dit. Hortik aparte, nik oso garbi neukan, dena ondo irteteko, nire aldetik dena jarri behar nuela eta horregatik ez dut egun bakar batean ere hutsik egin, eta gainera agindutako etxeko lan eta ariketa guztiak ere egin ditut.

Abel Barriolaren adibidea ere oso hurbil daukazu. Sekulako kalbarioa pasa ostean, bere mailarik onenean dagoela dirudi...

Garrantzitsua da horrelako pilotari bat berriz horren ondo ikustea, horren lesio larri baten ostean. Gainera, berak zorte txarragoa izan zuen, hiru aldiz operatu behar izan zuelako. Orain horrela ikusteak ilusioa egiten du eta ni behintzat saiatuko naiz, lana eginez eta partidak jokatuz, berriz ere maila on bat hartzen.

Inbidia handia sentitu duzu azken asteetan kaiolako txapelketa kanpotik ikusiz?

Bai, normala den bezala. Pilotarientzat garrantzitsuena txapelketa guztietan hor goian egotea da, eta kanpoan zaudenean, jokatu ezinda, inbidia pixka bat sortzen da. Baina gauza horiek pasa egin behar dira, eta orain nirean nago, ahalik eta lanik gehien egin eta partidak telebistaz ikusten.

Bide batez, nola ikusten duzu Lau eta Erdiko Txapelketako finalerdietako ligaxka hau? Faboritorik ikusten al duzu?

Nahiko irekia ikusten dut. Laurak joko handiarekin. Edozeinek dauka irabaztea eta, nik uste, edozein egunetan batek huts egiten badu, besteak aprobetxatu egingo duela.

Aimar OLAIZOLA

Asegarceko pilotaria

Sei hilabete luzeren ostean, hogeita hamaika urte betetzen dituen egunean itzuliko da kantxetara Aimar Olaizola. Sasoia berreskuratzeko lanetan ahalegin ikaragarria egin ostean, galdutako erritmoa eta freskotasuna berreskuratu eta beldurrak uxatzeko, goizuetarrak partidak jokatu beharra du eta aste honetan hiru jokatuko ditu: gaur Labriten, astelehenean Tolosako Beotibarren eta ostegunean Lesakan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo