GARA > Idatzia > Kultura

Bikote harremanak umorez eta garraztasunez nahastu ditu Jokin Ansorenak bere lehen alean

 Ariane KAMIO | DONOSTIA

Literaturaren inguruarekiko nolabaiteko lotura izan duen arren, Jokin Ansorenak (Donostiako Parte Zaharra, 1963) ez du gaur arte libururik plazaratu. Atzo aurkeztu zuen Alberdaniarekin bat bere estreinako eleberria, “Ordu bietan Frontoian”. Izatez donostiarra bada ere, Tolosako Udalean teknikari lanetan dihardu azken urteetan eta bertan girotu du urtebeteko eszedentzian ondutako lanaren trama nagusia.

Liburu «erromantikoa» ei da bere lana, Ansorenaren aburuz, bikote baten harremana kokatzen baitu korapiloaren muinean. Bi pertsonaia nagusiren baitan mugitzen da istorioa, baina haien inguruko gertakariak beste izen, toki eta trama batzuekin nahasten ditu laurehun orritatik gertu dagoen lanean.

«Idatzi orduko, deuseztatu»

Pertsonaia nagusia, bere antzera, kultur teknikari lanetan aritzen da udaletxean, nahiz eta berarekin zerikusirik ez duen gizasemea den, Ansorenaren hitzetan.
Piter Ansorena pailazo ohi eta txistulariaren anaia den egile honek, umorearen eta garraztasunaren arteko nahasketa baliatzen du Euskal Herriaren historian jazotako hainbat gertakari gaur egunera ekartzeko, memoria historikoaren auziari keinu bat eginez.

“Oh! Euzkadi” aldizkaria kaleratzen zuen koadrilako partaide izandakoak, jarrera «autodestruktiboa» izan du orain arte gauzak sortzeko orduan. «Idatzi eta segituan deuseztatu egiten nuen egindakoa». Urtebeteko eszedentziarekin «diziplinaz» idazteko aukera izan duela aitortu zuen, eta hasitakoa amaitzeko helburua finkatu zuela. Emaitza, irakurtzeko arina den lana, “Ordu bietan Frontoian” eleberria.
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo