Floren Aoiz www.elomendia.com
Espainiar inperioa 2.0
Nazioen nortasun eta eskubideak ukatu eta urratzen ditu espainiar Estatuak, jakina, baina inperiotzat hartzea... Urrun daude eguzkia sartzen ez zeneko inperioaren garaiak, ezta? Ba, agian ez hainbeste
Desagertu da espainiar inperioa? Euskaldun askok, nahiz eta espainiar Estatuaren ezarketaren jabe izan, ezezko erantzuna emanen lukete. Nazioen nortasun eta eskubideak ukatu eta urratzen ditu espainiar Estatuak, jakina, baina inperiotzat hartzea... Urrun daude eguzkia sartzen ez zeneko inperioaren garaiak, ezta? Ba, agian ez hainbeste.
Ni, bederen, hainbat ideia berraztertzen ari naiz, espainiar Estatu eta espainiar kapitalen nahiz propagandisten eraginaren itzala aintzat harturik.
Mexikon idatzi dut zutabe hau, Xabier Minaren omenezko jardunaldietan parte hartzera etorri naizelarik. Aurten, ospakizun handiak egiten ari dira hemen, espainiar inperiotik independentzia lortzeko lehen saioetatik berrehun urte betetzen direlako. Gainera, duela 100 urte hasi zen Mexikoko Iraultza. Gauzak horrela, izugarrizko aukera ederra izan dut gure bi herrien ibilbide historikoaren eta gaurko egoeraren inguruko ideia trukaketa egiteko.
Ahalegin honetan, mahai gainera etorri dira birkonkista, neokolonialismoa edo espainiarren itzulera kontzeptuak. Izan ere, espainiarren esku sartzea areagotu eta zabaldu du Ameriketan. Kasu batzuetan, AEBen menpeko gisa eta, beste batzuetan, AEBen papera ordezkatuz. Xabier Minaren inguruko eztabaida hauetan parte hartu duten Carlos Fazio eta Luis Hernandez Navarro intelektualek diotenez, kolonizazio jarduera berriak garatzen ari dira espainolak Mexikon eta beste hainbat herritan, baina, oraingoan, armada eta gurutzearekin etorri beharrean, diruaz datoz, baina konkistaren garaietan bezala, ondareak eramateko asmoz.
Espainiarren sarrera, edonola ere, ez da maila ekonomikora mugatzen. Konplizitate sareak osatzen ari dira, goi mailako ardurak bereganatu nahi dituzte eta borondateak erosten ari dira, etorkizuneko agintariak prestatuz. Aipatzekoa da eredu kulturalak ezartzeko egiten dituzten ahaleginak; PRISA taldea da jarduera horietan lehen mailakoa.
Hau dena aztertu ondotik, hobeki ulertzen dira urteurren horien kontrako jarrerak. Independentzia eta iraultza ez dira ospatu beharreko lorpenak, gauzatu beharrekoak baizik.
Espainiar inperioaren bertsio berriaren aurrean gaude. Hitzaldietan aipatu denez, euskaldunok ongi dakigu, zorigaitzez, noraino iristen den espainiar nazionalismoaren erasotzeko joera. Ikasi dugu ez dutela inoiz ere ibilbide inperial edota beste herriak menperatzeko joeraren inguruko hausnarketa autokritikorik egin.
Bitxia da, bestalde, espainiar Estatu eta kapitalen zabalpen hau, espainiar Estatua bera izugarrizko krisiaren aurrean dagoelarik, Euskal Herrian zein Katalunian ez-atxikimen joerak areagotzen direlarik. Badirudi euskaldunak nahiz katalanak seduzitu ezinik dabiltzan honetan, beste batzuk menperatu nahi dituztela.
Errepresio mailan ere islatzen dira esku sartze hauek. Mexikon bizi ziren euskal errefuxiatu batzuekin gertatutakoa aski esanguratsua da. Espainiarrek zenbait mailatan sortutako konplizitate sareak oinarrizkoak izaten dira errepresio mailako eskaerak bideratzeko, edo justifikatzeko.
Egoera honen aurrean, ezinbestekoa da herrien arteko elkartasuna: indarrak bildu behar ditugu inperio zahar-berrien menpe bizi nahi ez dugunok.