GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Julen Zulaika Askapeneko kidea

Hitzek ez dute balio

Guri hitzetatik ekintzetara pasatzeko unea heldu zaigu, sahararrei elkartasuna adieraztekoa kaleetan, marokoar zein espainiar eta frantses ordezkariei kontuak eskatzekoa

Dirudienez, gutxi zaio Marokoko Gobernuari saharar herriaren aurka orain arte egina: okupazio basati haren hasieratan napalm edo fosfato zuriz herritarren aurka egin izana; kartzela sekretuak, kartzela beltzak, desagertuak....

Ez zaizkio aski azken urteetako etengabeko torturak, erailketak, atxiloketa arbitrarioak, muntaia polizialak... ez eta nor bere herrian arrotz sentiarazterainoko beldurra eta debekuak ezartzea, hizkuntza, bandera eta nortasuna isilaraztea; ez da nahikoa minaz jositako 2.700 kilometroko harresia eraikitzea? Hau guztia eta paragrafo sarrera batean sartuko ez liratekeen beste mila eraso mota gutxi dira nonbait marokoar agintarientzat. Eta astelehenean «duintasunaren kanpalekua» deritzona goitik behera birrindu zuten, ur beroz haimak astinduz, helikopteroetatik gas negar-eragileak jaurtiz, gomazko eta gomazkoak ez diren tiroketak eraginez, eta erailak, eta zaurituak, eta sua, sua berriz ere duintasunaren hareetan.

Ez du Mohamed VI.ak nolanahiko eguna hautatu kanpalekua erasotzeko, negoziaketei ekiteko eguna baitzen, ustez, New Yorken biltzekoak ziren batzuen nahiz besteen ordezkariak. Hitzek, ordea, zertarako balio dute, ekintzetan, egindakoetan, argi adierazten den heinean nahi dena. Saharar herriak 1991tik hona garbi erakutsi du bere nahia adostutako konponbide bat bilatzea dela, herrion erabakitzeko eskubidearen arabera, eta horretarako eman beharreko pauso guztiak eman ditu, duintasunez, askotan ulertzea ere kosta daitekeen neurriraino.

Marokoz gain, gainerako ordezkariek, ordea, zer egin dute? Espainiar eta frantses estatuetako agintariek, esaterako, esan dituztenak eta orain arte esandakoak badakizkigu, baina hitzek ezer gutxi balio dute, jarraian esandakoak egiteko asmorik ez denean. Nazio Batuen ordezkari eta MINURSOko soldaduek ere ezer gutxi egin dute, eta egin dutenean sahararren eskubideen alde egiteko ez da izan.

Aspalditxotik haserrea nagusitu bada lurralde okupatuetako nahiz errefuxiatu guneetako sahararrengan, orain, denborak eta batez ere eurek esango digute zein den bidea, zein den eraikiko duten borroka eta nazioarteak euren alde egitea nahi lukeena. Guri bitartean hitzetatik ekintzetara pasatzeko unea heldu zaigu, sahararrei elkartasuna adieraztekoa kaleetan, marokoar zein espainiar eta frantses ordezkariei kontuak eskatzekoa, herrion arteko samurtasuna bazter guztietara zabaltzekoa. Inperialismoak ez dezala zirrikiturik aurkitu gurean. Azter ditzagun beraz, zein diren sahararren kontura aberasten ari diren enpresak, fosfato eta bestelako mineralen ustiaketetan, saharar uretatik aberasten ari diren arrantza-ontziak. Ez gaitezen hitzetan gera. Saharar herriak, gureak bezala, izan dezala bere burua ordezkatzeko eskubidea behingoz, hitzek benetako balioa izan arte behintzat: Gora Sahara askatua! Sahara jorra!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo