GARA > Idatzia > Euskal Herria

Larrabetzuko Udalak golf zelaiko hotelari buruzko adierazpena onartu du

GARA |

Larrabetzuko Udalak ezker abertzaleak eta EB-Aralarrek Hotel Golf Artxandaren irregulartasunari buruz adostutako adierazpena ezohiko osoko bilkuran onartu du. Testuak etorkizunean nola jokatu behar duten zehazteko balioko du.

2009ko abenduan, Hotel Golf Artxandako eraikina amaituta zegoen, baina apartamentu batzuk saltzen hasi ziren, legez kanpoko operazioak agerian utziz. Hala ere, 2010ko maiatzean hotela irekitzeko lizentzia eman zion Udalak eraikitzaileari. Horren aurrean, herriko ezker abertzaleak eta EB-Aralarrek udal-adierazpen bat idatzi zuten lurraldea babesteko asmoz. Adostutakoa, osteguneko ez-ohiko osoko bilkuran onartu zuten bertaratu ziren 35 herritarren aurrean.

Gauzak horrela, Larrabetzuko Udalak erabaki du aurrerantzean ez duela babestuko lurraren izaera, aberastasun eta balio mugatuak deuseztatzeko helburua duten egitasmo espekulatzailerik, eta ez duela onartuko landa eremuetan herritarrentzako interes eta erabilpen publiko argia ez duen proiekturik. Gainera, Udalak hirigintzako araudien benetako zentzu, eduki eta garrantzia zaintzeko konpromisoa hartu du, baita legez kanpoko kudeaketa egon ez dadin neurriak hartzeko konpromisoa ere.

Adierazpen instituzionalaren arabera, Larrabetzuko landa inguruneak, nekazaritzan eta abeltzaintzan du lehentasunezko izatea eta horretan izan behar du berezko jarduera.

Alde horretatik, herritarren onurarako eta jendartearen intereseko jotzen diren proiektuak soilik babestuko ditu. Hotelaren eraikitzearen ostean, Udalak erabaki du aurrerantzean ingurumena zaintzeko politikak hobetsiko dituela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo