GARA > Idatzia > Kultura

RAIMON abeslaria

«Oroimenik gabeko pertsona gaixo dago»

p041_f02_097x116.jpg

Anartz BILBAO | BILBO

«Zoragarria izan zen», Raimonek gogoan duenez, Euskal Herrian eman zuen azken kontzertua, 1997an, Donostiako Orfeoiaren mendeurrenean, EOSekin batera emandakoa. «Euskal Herrian gustura nago beti, bada hemen elkarrekiko begikotasun bat», aitortu du, aspaldiko lagunak ahotan hartu aurretik. «1967an izan nintzen lehen aldiz hemen, eta lagun andana dut bertan. Batez ere Ez Dok Amairu taldekoak, Mikel Laboa, Xabier Lete, Benito Lertxundi...» -lagunak ikusteko aprobetxatuko du orain ere gurera egindako bisita-. Horren erakusgarri da «Pais Basc», Euskal Herriari eskaini zion kantua. «Arazo bat baino gehiago ekarri zizkidan bere garaian... eta gaur ere joko dut».

Donostiarrari buruz galdetuta, «agurtu gabe utzi gintuen, eta mingarria izan zen», aitortu digu. «Mikelekin lan egindakoa naiz eta laguna nuen. Bere musikari buruz ere idatzi izan dut, eta aldizkarietan argitaratu. Antzeko begirada bat genuela esango nuke, bakoitzak bere ibilbide artistikoa aurrera eramateko zuen esparrua ezberdina izan arren, ogibidea ulertzeko antzeko modu bat».

Egun, lan berria du Raimonek prestatua, otsailean argitaratzekoa, kantu berriekin. «`Nova Integral 2000' atera zenetik -hamar disko eta 150 abestirekin osatu lana, liburu, DVD eta guzti- nabil kantu berrietan lanean, 2000tik. Lanak `Rellotge de emocions' izenburua izango du [emozioen ordularia], nire bizitzako azken hamar urteotako kontu ezberdinak biltzen ditu-eta».

Beraz, gaur Bilbon emango duen zuzenekora hurbiltzen den entzuleak, «Anoetakoarekin alderatuta, kantuen %80 gutxienez ezberdinak izango zaizkio, batzuk grabatu berriak direnak». Eta ganbera-musika balitz bezala, laukotean emango ditu, bi gitarrek, kontrabaxuak eta klarineteak lagunduta.

Memoria

Musikagintzan kasik bost hamarkada daramatzan artistak «Oroimenaren ahotsa» zikloan joko du. «Memoria oso kontu ulergaitza da», aitortu du, «inor ez delako memoria kolektibo osoaren jabe, eta gizabanakoarena ere sarri selektiboa delako, edo nahi gabe agertzen zaizkizun pasarteez osatua. Konplexua da oroimenaren kontua, eta Estatu honetan beharrezkoa, diktadura ostean ez genuelako esan beharreko guztia esan». Arlo artistikoan, «gure nahi eta bizipenak erakutsi genituen batzuek, eta zentsura pairatu. Eta oraindik bizirik gaude, beraz, guzti horren oroimena gara. Ez baita ahaztu behar oraina iraganaz osatua dagoela; oroimenik gabeko pertsona gaixo dago-eta».

Frankismoaren ostean ere, 80ko hamarkadan, izan zen aipatu ahotsak isildu nahi izan zituenik, artista katalanaren iritziz. «Diktaduraren kontra gure balioa izan genuela, baina artistikoki ez ginela interesgarri, eskuinekoen argumentu itsusi hau erabilita, zokoratu nahi izan gintuzten». Hurrengo hamarkadan, «Al vent» kantuak 30 urte bete eta gero, konpontzen hasi zen kontua.

«Bai, beti eskatzen didate, eta nik bisetan jartzen dut, kantaldiko kantu zerrendatik kanpo», onartu du askatasun aldarri bihurtutako kantuaz galdetuta. «Sortu nuen lehen kantua da, 18 urte nituela. Beraz, nire baitan murgildu eta oraindik barruan daramadan gaztetxoa berreskuratu behar dut `Al vent' kantatzen dudan bakoitzean».

Eta harro dago herriak bere egin duen kantua eman izanaz. Gaur berriro entzungo da Bilbon, Raimonen beraren ahotsean.

raimon

ABESLARIA

Ramon Pelegero Sanchis «Raimon», 1940ko abenduaren 2an jaio zen Valentziako Xativa herrian, eta kataluniar «nova canço» mugimendua ulertzeko ezinbesteko artista dugu. 1958an sortu zuen lehen kantua, «Al vent» askatasun aldarria. Mikel Laboaren eta Ez Dok Amairu taldekoen lagunak, 1997az geroztik ez du Euskal Herrian kantatu. Gaur Bilbon joko du, «Oroimenaren ahotsa» zikloan (20.30ean, BBK aretoan).

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo