Guzur Aretxak 25 urte ospatzen ditu Galdakaon, rock doinu indartsuz
GARA | GALDAKAO
«Herriak merezi duen neurriko jaialdia antolatu nahian», Guzur Aretxa elkarteak 25 urteko ibilbidea ospatuko du gaur -eta urte guzti horietan herri ekimenean parte hartu duten guztiak omendu-, musika jaialdi erraldoi baten bitartez, eta astebeteko kultur egitaraua itxiko du.
Azaroaren 8an abiatu zen ekimenak gaur gaueko jaialdia du ekimen pisuzkoena, gurean puntako diren rock taldeen partaidetzarekin. Jarduna baina, eguerdian hasiko dute, Fredi Paya eta Arkaitz Estiballesek girotuko duten 250 lagunentzako bertso bazkariarekin.
Iluntzean, berriz, 19.00ak inguruan hasiko da musika festa, 3.000 lagun hartzeko prest den karpa erraldoian -Iturrondo plazan kokatua-. Bertan joko dute Lorebeltz eta Siroka talde gazteek, AC/DC entzutetsuen bertsioak egiten trebeak diren Powerages-ek eta gurean aurkezpen beharrik ez duten Doctor Deseo, Soziedad Alkoholika gasteiztar talde trinkoak eta Esne Beltza parrandazale nekaezinek. «Desio doktoreak» gainera, honakoa izango du 2010eko azken zuzenekoa, eta gonbidatu bereziak izango ditu Galdakaoko oholtzan, data behar bezala ospatzeko.
Jaialdiaz gozatzeko sarrerak Bizkaiko makina bat herritan izan dira salgai 17 eurotan, eta 20 eurotan izango ditu gaur txarteldegian. Eta zehaztapen gehiago nahi izanez gero, blog bat ere sortu du Guzur Aretxak, festa girotu eta argibideak emateko: guzuraretxa25urte.blogspot. com.
Hogeita bost urte
Guzur Aretxa 1985ean jaio zen elkarte gisa (Elexalde auzoko haritz handi baten izena hartuta), Frankoren osteko zurrunbiloan, Galdakaok ezinbestekoa zuen herri ekimena bertako guztien ekarpen eta lanarekin aurrera ateratzeko. Eta ahalegin horretan dihardu gaur ere, sendo.