GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Mikel Aramendi Kazetaria

Timor eta Sahara, aurkia eta iruntzia

Benetako bereizgarria Ceuta eta Melilla dira. Bi enklabe anakroniko eta zentzugabe (baina garrantzi ideologiko ikusgarriko) hauen «status quo»aren iraupenaren truke eman zion Espainiak Sahara Mendebaldea Marokori

Maiz entzun da egun hauetan zein alde handia dagoen Portugalgo herriak eta Gobernuak (hor legoke benetako koska, ziur aski) 1975etik 2002ra Timor Ekialdeko auzian mantendu zuten jarrera politiko eta diplomatikoaren eta 35 urte hauetan Madrilgo Gobernuak Saharako auzian Marokoren aurrean erakutsi duenaren artean. Neuk ere, behin edo behin, antzeko zerbait esan dut hementxe bertan. Eta ez dut iritzia mudatzeko arrazoirik aurkitzen: Portugalek, inolako indar efektiborik eduki ez arren, duintasunez eutsi zien munduaren beste puntan zegoen kolonia ohiaren askapen prozedurari zor zitzaizkion eskakizun politiko eta diplomatikoei; Espainiak, aldiz, utzikeria lotsagarria besterik ez du egin bere kolonia ohia okupatu eta bertakoak oinperatu dituenaren aurrean.

Bi kasuen arteko kidetasun potoloak, bestalde, gutxitzen ez baizik ugaritzen ari direla ematen du: nagusitasun militarrean oinarritutako status quoa nazioarteko ahaltsuenek ontzat ematea lortu eta gero, migrazio telezuzenduen bitartez porlandu nahi izan diren asimilazio prozesu garestiak garatzen saiatu dira okupatzaileak bietan... Eta halaz eta guztiz ere, erresistentzia ez dela itzaltzen, gehienera lekuz eta taxueraz aldatu egin zaiela konprobatu dutenean, errepresio bortitzaren «bideari» ekin diote, informazioaren argia itzaltzeko ahalegin guztiak egin ondoren, jakina. Egunotan Aaiungo gauetan terrorea ezartzen diharduten milizia parapolizial marokoar horiek duela dozena bat urte Eurico Guterres eta abarrek Timorren antolatu zituzten «milizia» basati haien kalkoa baino asko gehiago ez dira.

Galdera zuzenean sortzen da hortik aurrera: zergatik, orduan, hain jarrera kontrajarria, bi iberiar kolonizatzaile ohien agintarien artean? Hain sistematikoki, gainera, ez baita Lisboan nahiz Madrilen agintean egon den fakzio bat edo bestearen bereizgarria izan... Argi esan behar baita Aznarren bigarren agintaldiko perrexilkeria antimarokoar harroxkoak inoiz ez zirela saharar auziaren esparruraino iritsi, ezta duintasun plantak egiteko ere; gauza bat da espainiar islamofobia merkeenari keinuka aritzea eta, oso bestelakoa, nazioarteko harremanen korapiloetan gizalegeari zuzen eustea.

Tentagarria gerta daiteke berezko koldarkeriaren juzgua egitea (jakina baita beti ahotan dena izan ohi dela gehienetan gabezia larriena... eta non goresten da adorea eta ausardia Espainian baino gehiago?), baina errazkeria litzateke. Benetako bereizgarria, nik uste, bi leku-izenetan laburbiltzen da: Ceuta eta Melilla. Bi enklabe anakroniko eta zentzugabe (baina garrantzi ideologiko ikusgarriko) hauen status quoaren iraupenaren truke eman zion Espainiak Sahara Mendebaldea Marokori. Ez dakit inplizituki ala esplizituki hitzartu zuten, 1975eko udazkeneko egun haietan gertatua oraindik azterkizun dagoelako neurri handi batean, baina, funtsean, hala izan zen.

Bere autoestimuaren zati handi bat ere xahutu zuen Espainia harroxkoak trantze hartan... Ez orduan eta ez orain ez duelako onartzen kolonialismoa ez dela inoiz izan harrotasunez amai daitekeen zerbait.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo