Beñi Agirre Euskara irakaslea
Espainiak ez du bideragarritasun ekonomikorik
Euskal-nafarrok Europan estatu propioa berreraiki dezagun Espainiak dituen eragozpen handiena ez da hizkuntza, ez identitatea ez eta legedia ere; eragozpen handiena ekonomia da. Espainia ez da ekonomikoki bideragarria Hego Euskal Herria eta Katalunia gabe. Horregatik, diru funtsaren munduan ari da gertatzen gaur egun ere nafarron aurkako borrokarik isil eta bortitzena.
Izan ere, Espainiak bere esku nahi dituenak zerak dira: instituzio txiki, ertain eta handien kontrola; finantza erakundeetan konfiantzazko peoiak lekutzeko boterea eta energia horniketaren jabegoa. Krisi finantzarioaren aitzakian, PP-PSOEren Gobernuak leporaino zorpetu gaitu euskal herritarrok Estatuaren kontrolpeko erakundeekin; haien esklabo ekonomikoak egin gaituzte. Hortaz, estatu independentea sortzean, euskara hizkuntza nazionala bezala lehenestea, identitate propioa berreraikitzea eta preso politikoak libratzeaz gain, Espainiako bankarekin gure izenean sinatu duten zorra kitatzeko izango ditugu galtzak bete lan.
Europarrei ere ederki datorkie gu Madrilen zuzeneko ordaintzaile izatea. Zuloa, espainiarren Hizkuntza Akademiak jaso ez duen adiera batean, Espainian dago eta, nafar-katalanek zor hori gutxiagotzen laguntzen dugun neurrian, diru gutxiago jarri beharko dute gainerako europarrek Espainiako ekonomia erreskatatzeko. Ulertzen? Jakina ulertzen dugula. Zer uste dute, bada?