Euroagindua, ezkutuan legez kanporatzeko saioa
Urte erdian bi euroagindu aurkeztu ditu Auzitegi Nazional espainolak Aurore Martin Batasuneko mahaikide ohiaren aurka. Lehenengoa atzera bota zuten iragan ekainean, eta bigarren eskaera atzo aztertu zuten Paueko Auzitegian, baina hilaren 23a arte ez dute erabakia jakinaraziko. Martin mauletarra, Eiheralarreko (Nafarroa Beherea) bizilaguna, espetxean zen azaroaren 9tik, Auzitegi Nazional espainolak egozten dion «delitua» Batasuneko kide izatea, hots, legezko erakunde politiko bateko kide izatea bada ere. Atzo aske utzi zuten, fiskalaren eskaeraren kontra. Haren jarduera politikoa jendaurrekoa izan da beti, eta frantses Estatuan ez dago indarrean Estatu espainoleko Alderdien Legea; alta, Auzitegi Nazional espainolaren eskaera aski izan zen Martin espetxeratu eta bigarrenez auzipetzeko. Oraindaino frantses Estatuak ez du Ipar Euskal Herriko bizilagunen aurkako euroagindurik onartu, eta Martinen Espainiaratzea onartuko balu, bere jarduera guztiz legalengatik epaitua izanen litzateke Madrilen, egiaz Alderdien Lege espainiarra aplikatuta. Hartara, euroagindua onartzeak frantses Estatuan indarrean ez dagoen lege baten aplikazioaren ondorioak izanen lituzke legezko erakunde bateko kideendako: alderdirik legez kanpo ezarri gabe, Ipar Euskal Herriko hainbat militante abertzale legez kanpo ezarriko lituzkete.