«Borroka garaia» dela ozen oihukatuko du IAk Ikasleen Nazioarteko Egunean
EHUn hauteskundeak ospatu bezperan direnez, gaur, Ikasleen Nazioarteko Egunean, Ikasle Abertzaleek ezin izango dute mobilizaziorik egin bertan; hala ere, aldarrikapenak kalera aterako dituzte.
GARA | GASTEIZ
«Ikasle jardunaren mundu mailako errekonozimendua, ikasle borrokaren indarra, irudimena eta kritikotasuna» nabarmentzen duen eguna da gaurkoa. Ikasle Abertzaleak erakundeak urteak daramatza, Ikasleen Nazioarteko Egunaren karietara, «iraganaz ikasi, orainaz eztabaidatu eta etorkizuna iraultzeko» dinamikak aurrera eramaten.
Gaurkoan ere proposamen bera du IAk, nahiz eta EHUren kasuan, ezin izango duten gauzatu hauteskunde egunaren bezpera delako. «Ez da ezer debekatu digutelako, baizik eta, eginez gero, biharko hauteskundeetan inpugnatuak izateko aukera egon daitekeela-eta berau saihesteko baizik», azaldu zuten agerraldian.
Horregatik, Ikasle Abertzaleek «EHUko hauteskundeak ere borroka egun gisa ulertzen ditugu, eta egun bizi dugun ereduaren aurrean bestelako bat aldarrikatzera dei egin nahi izan diogu ikasleriari biharko hauteskundeetan». Hala ere, «borroka garaia» dela ozen oihukatuko dute ikasle abertzaleek Euskal Herriko ikastetxe eta unibertsitateetan.
«Egun bat bahitu arren, EHU eta bere inposatzaileei jakinarazi nahi diegu ez dugula borroka etengo», izan ere, azaldu zutenez, IAk ez du egun «zehatz bat eta bakarra» lan egiteko. Fakultatez fakultate Ikasle Abertzaleak erakundearen borrokan parte hartzera dei egin zuten atzo. Aldi berean, EHUn izango diren hauteskundeetan «bestelako unibertsitate eredu bat eraikitzeko helburuarekin» Ikasle Abertzaleak mugimendua bozkatzeko eskatu zuten.