GARA > Idatzia > Mundua

Guantanamon konplize izan zela ezkutatzeko torturatuei ordainduko die Londresek

AEBek Guantanamon Britainia Handia konplize izan zutela ezkutatzeko, torturatutako hainbat presori kalte-ordainak ematea erabaki du Londresek. ITN telebista kateak plazaratu duenez, Guantanamoko preso ohi batek milioi bat libra [1,1 milioi euro] jaso ditzake.
p019_f01_199x116.jpg

GARA |

Britainia Handiko Gobernuak diru ordainak emango dizkie AEBek Guantanamoko espetxean Londresko informazio zerbitzuen (MI5) konplizitatearekin torturatuak izan zirela salatu zutenei, atzo ITN telebistak plazaratu zuenez.

ITNren esanetan, Guantanamoko preso ohi batek milioi libra [1,1 milioi euro] eskuratu ditzake.

Epaitegietan luze borrokatu ostean, Britainia Handiko Justiziak uztailean Binyam Mohamed etiopiarrak jasan zuen tratuari buruzko txostena argitaratu behar izan zuen. Mohamedek lau urte eman zituen Guantanamon 2009ko otsailean Britainia Handira eraman zuten arte. Txosten horien arabera, Mohamedek estatubatuarren partetik tratu «krudela» pairatu zuen.

Orain arte, Foreign Office delakoak CIAk emandako txosten hauen argitaratzea blokeatu du, «segurtasun nazionala» eta Londresen eta Washingtonen arteko harremanen konfidentzialtasuna aitzakiatzat hartuz.

Guantanamoko sei preso ohik, hain zuzen, Binyam Mohamedek, Bisher al-Rawi-k, Jamil el-Banna-k, Richard Belmar-ek, Omar Deghayes-ek eta Martin Mubangak, MI5i jasan zituzten torturen konplize izatea egotzi diote.

Adituen ustetan, torturatuak izan zirenei milioika libra emateko erabakia azken asteotan izan diren negoziaketen emaitza izan da. Modu honetan, Londresko Gobernuak biziki garestia izan daitekeen prozedura judiziala ekiditea lortu du.

Gauzak horrela, David Cameron lehen ministroak indar britainiarrek Guantanamoko presoek pairatu dituzten torturekin lotura duten ala ez ikertuko dutela iragarri zuen.

«Arduradun britainiarrik zuzenki Irailaren 11ren osteko tortura kasuetan inplikaturik egon den frogarik ez badago ere, arduradun britainiarren eta atzerriko segurtasun zerbitzuen arteko elkarlana dago kolokan, azken hauek presoak behar den bezala tratatu ez dituztelako», gaineratu zuen Cameronek.

Urri amaieran, Britainia Handiko zerbitzu sekretuetako buru John Sawersek bere menpekoek tortura erabiltzeko tentazioa izan zutela adierazi zuen.

george bush

Duela gutxi kaleratu duen memoria liburuan, Ameriketako Estatu Batuetako presidente ohi George Bushek Guantanamoko presoei indarrez hitz eginarazteko agindua eman zuela onartu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo