«Xentimorik gabe», Ramon Agirre eta Inazio Tolosaren azken hogei urteotako pasadizoen bilduma
Hogei urtetan gauza asko bizitzen dira, batez ere artisten munduan. Ramon Agirre aktoreak eta Inazio Tolosak, oroitzapenak idatzi ordez, «Xentimorik gabe» ikuskizuna prestatu dute azken 20 urteotako pasadizoekin.
Maddalen LARRINAGA | DONOSTIA
Ramon Agirrek eta Inazio Tolosak (Karidadeko Benta) «Ray eta Nick» bikotea sortu zutela 28 urte pasa dira. Azken hogei urteotan emanaldi ugari egin dituzte han eta hemen. Orain, bizitako hainbat pasadizo antzeztoki gainean berreskuratuko dituzte kantu eta kontakizun artean.
Prestatutako ikuskizuna deskribatzea ez da erraza, beraiek ere ez baitaukate oso argi sortu dutena zer den. Oroitzapenen artean zenbait artisten imitazioak eta «plagioak», beraiek esan bezala, tartekatzen dituzte nahaste-borraste bat sortuz. «Gure ikuskizuna puzzlea da, collage bat, anabasa bat», azaldu zuen Ramon Agirrek atzo egin zuten aurkezpen xelebrean. Izan ere, emanaldi txiki bat eskaini zieten Doka kafe antzokian elkartutako komunikabideei. Dantzatu, kantatu eta kontatu egiten dute.
Ikuskizunak ordubete irauten du eta jadanik bi aurrestreinaldi ere egin dituzte. Hemendik aurrera Euskal Herri osoan zehar ibiltzeko asmoa dute, nahiz eta oraindik ez duten datarik finkatu.
Emanaldi bakoitzean eskema bat jarraitzeko ahalegina egiten dute, baina, Agirrek azaldu zuenez, inprobisazioak pisu handia du «Tolosaren erruz». «Ez da gidoi itxi bat; badago joateko edo etortzeko aukera», azaldu zuen Tolosak berak.
Saio guztiak euskaraz egingo dituzte, kontatzen dituztenak barneko gauzak, sentimenduak, izanik, ez baitzaie erraza iruditzen gazteleraz ere egitea. Hori bai, tarteka fikzioa ere sartzen dute historian, hori identifikatzea ikuslearen esku utzi badute ere. «Lizentzia txiki batzuk daude», ohartarazi dute.
Imitazioen txandan, Elvis Presley edota Simon & Garfunkel bezalako musikagileen abestien pasarteak entzuteko aukera izango da. «Osorik kantatzen ditugun pare bat abesti izan baditugu, baina salbuespena da», azaldu zuen Agirrek.