GARA > Idatzia > Euskal Herria

Martin baldintzapean aske izango da epaitegiaren deliberoaren zain

Aurore Martin baldintzapean aske utzi zuten atzo arratsean, Paueko epaitegiak euroaginduaren gaineko erabakia hartu arte. Goizean aztertu zuen Auzitegi Nazional espainolaren eskaera. Batasuneko militanteak auzia «bidegabekeria» dela salatu zuen eta bere abokatuak jardun politikoagatik, «are gehiago Estatu frantsesean denean», ezin dezaketela Espainiaratu esan zuen. Fiskala, aldiz, horren alde agertu zen.

p010_f01.jpg

Arantxa MANTEROLA | PAU

Paueko auzitegiak euroagindu eskaeraren gainean deliberoa eman arte, Aurore Martin baldintzapeko askatasunean irten zen atzo, arratsaldeko seietan, Seysseseko espetxetik. Goizean Biarnoko hiriburura eraman zuten Batasuneko militantea, Auzitegi Nazionalak Espainiaratu dezaten egindako eskaera berria aztertzeko. Martinen abokatu Amaia Rekartek saioa gibelatzea eskatu bazuen ere, epaileak aurrera egitea erabaki zuen.

«Estatuen arteko konfiantza» eta «euroaginduaren prozeduraren arauak betetzen» direla argudiatuz, fiskala euroagindu-eskaera onartzearen alde agertu zen.

Abokatuak, berriz, kontrakoa eskatu zuen. Alderdi politiko batean jarduteagatik ezin dela Ipar Euskal Herriko hiritar bat estraditatu gaineratu zuen, «are eta gutxiago, jarduera hori Estatu frantsesean eta erakunde legal batean egin» duelarik.

Aurore Martinek berak ere hitza hartu zuen ordu eta erdi iraun zuen ahozko prozesuan. Bere jarduera politikoa erabat publikoa izan dela gogorarazita, auzia bidegabekeria dela nabarmendu zuen. Espetxeratu izana ere irmo salatu zuen.

Egitate politikoak

Ekainean atzera bota zuen eskaeraren oinarri orokor berbera du bigarren eskaerak, hau da, Batasuneko kide izatea egozten dio Auzitegi Nazional espainolak Martini. Aldaketa bakarra da, oraingo eskaerak leporatzen dizkioten egitateak zehaztu egin dituela.

Ekintza horietako asko prentsan agertutako albisteetan sostengatzen dira. Hala nola, Iruñean 2006ko martxoan Mahai Nazionalaren osaketa aurkeztu zelarik, bera ere mahaikide gisa agertu izana; Batasunak, 2007- ko urtarrilaren 28an, Uztaritzen Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberorako autonomia estatutua aurkeztu zuen ekitaldian parte hartu izana; edota beste mahaikide batekin iritzi artikulu bat argitaratzea.

Abokatuaren ustean, «epaitegia alde juridikotara mugatzen bada» atzera bota beharko luke eskaera. «Egozten dizkioten ekintzetatik aski du Lapurdin gertatu denari heltzea Espainiaratzeari uko egiteko. Lehendik ere jurisprudentzia badago motibazio horrekin» esan zuen, 2004an Haika gazte erakundeko kide izateagatik Madrilek Ipar Euskal Herriko hiru herritar entregatzea eskatu zuenean gertatutakoari aipu eginez.

Auzitegiak astebete barru jakinaraziko du Aurore Martin entregatzea onartzen duen ala ez.

Batasuna «zeharka legez kanpo uzteko» saiakera

Aurore Martinen euroagindu eskaera onartua izango balitz, Estatu frantsesak bere hiritar bat Madrili entregatzea erabakitzen duen lehen aldia litzateke euroaginduaren prozedura abian jarri zenetik.

Jarduera politikoa, iritzi eta pentsamenduaren askatasunen urraketaz gain, ate hori irekitzeko «arriskua» behin eta berriro nabarmendu dute hainbat eragile politiko eta sozialek.

Zenbaiten aburuz, Estatu espainolaren ekinaldiaren atzean «ezkutuko helburua» dago: Batasuna, Ipar Euskal Herrian ere, de facto legez kanpo uztea, alegia. Izan ere, jarduera politikoa -baita Estatu frantsesean gauzatutakoa ere- ilegala dela aitortuko luke Parisek.

Xabi Larralde Batasuneko bozeramaileak urrats hori «biziki larria» izango litzatekeela berretsi zuen atzo: «Aurore Espainiaratzeko prest agertzen bada, beste militante asko bide beretik joateko arriskua legoke». Mahaikideek eta Batasuneko beste kide batzuek inork baino aukera gehiago izango lituzketela jakin arren, Estatuarentzat oztopo den edozein militanteri gauza bera gerta dakiokeela nabarmendu zuen. A. M.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo