GARA > Idatzia > Ekonomia

Senpereko Udalak EHLGri onartutako diru laguntza legezkoa den aztertu du berriro Paueko Auzitegiak

A. M. | PAU

Joan den maiatzaren 6ko epaiarekin Euskal Herriko Laborantza Ganberaren auzitegietako gorabeherak amaitu zirela pentsa zitekeen. Alta, atzo, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan laborantza iraunkorra eta herrikoia sustatzea xede duen elkartearekin zerikusia duen afera bat aztertu zuen Paueko Dei Auzitegi Administratiboak.

Oraingoan, prefetaren salaketa medio, Senpereko Udalak EHLGri 2.000 euroko diru laguntza emateko 2009. urteko abenduan hartutako deliberoa izan zen mahai gainean. Martxoan Auzitegi Administratiboak ez zuen Senpereko Udalaren erabakia deuseztatzeko arrazoirik aurkitu, baina Estatuko komisarioak, prefetaren bidea jarraituz, aferaren funtsari heltzea erabaki zuen.

Diru laguntza udalerriaren intereseko gaietatik at geratzen dela frogatu nahian txosten bat prestatu ostean, udal erabakia baliogabetzea eskatu du orain Estatuko ordezkariak Dei Auzitegian. Hain zuzen, eskaera hori aztertu zen atzo.

Kezka eta itxaropena

EHLGko lehendakari Mixel Berhokoirigoin arduratuta eta aldi berean itxaropentsu agertu zen atzokoan. Arduratuta, epaitegiek gehienetan Estatuko komisarioaren iritziarekin bat egiten dutelako. Horrela gertatuko balitz, Zigor Epaitegian erdietsi ez zen «deslegitimazioa» lortuko luke orain estatuak, epaitegi administratiboan.

Berhokirigoinek, haatik, ez du itxaropena galdu. «EHLGk Senpereko hainbat laborarirekin egiten duen lana erakusteko elementu aski aurkeztu ditugu, erakundeari ematen diogun laguntza eta eskaintzen dizkiogun zerbitzuak aski garbi azaltzen dutenak. Beraz, Senpereko herritarren intereserako badela diogu eta espero dugu auzitegia ere iritzi berekoa izatea», esan zuen.

Deliberoa hamabost egun barru ezagutuko da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo