Aiton-amonen eta biloben harremanak kantuz bildu ditu Imanol Urbietak
Maddalen LARRINAGA | DONOSTIA
Familia bizitza eta lan mundua uztartzea egungo bizimoduan gero eta zailagoa izanik, aiton-amonek sekulako garrantzia dute biloben zaintzan. Denbora luzez hausnartu izan du horri buruz Imanol Urbieta musika irakasle erretiratuak; ondorioz, hain garrantzitsutzat dituen pertsona horiek omendu nahi izan ditu bere disko berrian: «Aitona-amonekin kantari».
Diskoa aiton-amonen eta biloben artean kantatzeko 24 abestik osatzen dute eta bertan lantzen diren gaien artean natura edota kalean ikusten diren eta aiton-amonek erakusten dituzten gauzak topa daitezke. «Abestiak laburrak eta goxoak dira», azaldu zuen Elkar diskoetxeko Josebe Ormazurik. «Humanoa gelditu da», esan zuen Urbietak bere aldetik, naturaltasunez egin nahi baitzuen proiektu hau, bere txikitako oroitzapenek agindu bezala.
Bilduma honetako abesti guztiak berriak dira eta bertan 31 ahots ezberdin erabili dira: zenbait aiton-amonen eta beste hainbat haurrenak, alegia.