Beramendik eginikoa errepika ez dadin Kode Etikoa osatu dute Oiartzunen
Martin Beramendi alkate ohiak egindako gehiegikeriak berriz gerta ez daitezen eta herritarren dirua behar bezala kudeatu dadin, alkate eta zinegotzien jarduna arautuko duen Kode Etikoa aurkeztu dute Oiartzunen. Epaitegietara aurki joko dutela iragarri dute.
Oihana LLORENTE
Martin Beramendik Oiartzungo alkate zela egin zituen «lege-hauste larriak» errepika ez daitezen alkate eta zinegotzien jarduna arautuko duen Kode Etikoa prestatu dute. Aurreko legegintzaldian gertatutako gehiegikeriak aztertu dituen Ikerketa Batzorde Bereziak diseinatu du Kode Etikoa eta atzo aurkeztu zen jendaurrera, Aitor Etxeberria Oiartzungo alkatearen, Pavel Viñas Planeamendu zinegotziaren eta Joxe Mari Mitxelena EAko kidearen eskutik.
Hamar puntuz osatua dagoen agiria aurki izango da indarrean Oiartzungo Udalean, aurretik, baina, datorren abenduaren 1ean egingo den udalbatzaren oniritzia jaso beharko du.
Kode Etikoaren xehetasunak agertzeaz gain, Viñasek gogor deitoratu zuen Oiartzungo Udalak egindako salaketari «kutsu elektoralista» egotzi dioten mezuak. Helburu hori ukatzeaz gain, datozen asteotan bide judizialari ekiteko asmoa agertu zuen, nahiz eta zein pauso emango dituzten argitu ez.
Bestalde, bere jarduna arautuko duen dokumentuaren berri Etxeberriak eman zuen hedabideen aurrean. Kontratazio administratiboaren legea, idazkaritzan egindako kontrataziorako protokoloa edo organo ezberdinen eskumenak eta legez aurreikusitako prozedurak errespetatu behar direla nabarmentzen da kodean, espediente originalak udal gordailuan gorde behar direla oroitarazteaz gain.
Alkatearen ordezkaritza lanak eta protokoloak eragindako gastuak kontrolatzeko ere hainbat neurri ezartzen dira. Hala nola hilero Ogasun Batzordearen aurrean zein udalbatzan bertan derrigorrez gastu horien berri ematea edota VISA txartelaren kontrola kontu hartzailearen esku egotea.
Egungo alkateak hurrengo udalbatzan bertan orain arteko gastuen berri emateko prestutasuna agertu zuen.
Hamaikabat alderdiko Gipuzkoako presidente Martin Beramendik, alkate gisa emaniko lau urteetan diru publikoa «bidegabe erabili» zuela dio Ikerketa Batzordeak. Are gehiago, protokolo eta ordezkaritzan lau urtean 183.000 euro baino gehiago gastatu zituela dio. Era berean, kontratazio prozeduretan, ogasuneko arauetan eta Osoko Batzarraren eskumenen urraketak egotzi dizkiote, bai eta legealdia bukatutakoan dokumentu garrantzitsuak eramatea ere.
EAren izenean izan zen alkate Beramendi eta legealdia bukatuta Udaleko hainbat dokumentu Alkartetxera eraman zituen. EA haserre agertu da eta parte hartu du ikerketan; «Beramendik inplikatu gintuelako».