GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Irlandak «laguntza » onartu behar du, Europak merkatuen arriskua uxatzeko

Irlandako Banku Zentraleko gobernadore Patrick Honohanek atzo esan zuenez, herrialde horretako Gobernuak UEk eskaintzen dizkion milaka euroak onartu beste erremediorik ez du. Dublinek ez du nahi, bere subiranotasun ekonomikoa lehenesten baitu, eta bere lagun europarrek ez dute behartu nahi; baina, beti ere bere hobe beharrez omen, prest daukate «lehenbailehen» egin beharreko erreskatea. Ez da errudunak bilatzeko momentua. Egia da bankuek gehiegikeriak egin dituztela, egia gobernuek gehiegikeria horiek egiten utzi dietela, baina orain arriskuei aurre egiteko garaia da.

Arriskua zein da, ordea? Merkatuen aseezintasuna. Hortaz, merkatuak natur fenomenoa, arrazoimenik ez duten munstroak balira bezala, Irlanda -lehenago Grezia bezala- sakrifikatu egin behar da -esan nahi baita «erreskatatu»-, harrapakina babestuta dagoela eta ez dutela hura irensterik izango ikusita, munstroak beren gordelekura itzuliko diren itxaropenez. Irlandak -hango herritarrek-, Greziak -greziarrek- bezala, larrutik ordainduko du, baina munstroak, oraingoz, kikildu egingo dira.

Ipuina ematen du, baina Europako eta munduko ekonomiaren legea da. Legerik eza, alegia.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo