Eszenak
Iñaki Beobidek jasoko du estreinako Antzerkizale Saria
Iñaki Beobidek 60ko hamarkada inguruan euskal antzerkigintza sustatzen eta hura indartu eta garatzen egindako lan oparoa saritu nahi du Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteak, azaroaren 27an Villabonan banatuko duen lehenengo Antzerkizale Sariarekin.
Ariane KAMIO | VILLABONA
Euskal antzerkigintzari indarra eta prestigioa ematea. Hori da, beste askoren artean, Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteak (EHAZE) bere zereginen artean kokatzen duen helburuetako bat. Orain hilabete gutxi sortu bada ere, EHAZEk martxan jarri ditu jada bere esparruan beharrezkotzat jotzen dituen egitasmoak gauzatzeko mekanismoak. Horietako bat azaroaren 27an Villabonan banatuko den lehenengo Antzerkizale Saria izango da.
Euskal antzerkigintza eta euskara bera identitate berberaren baitan sendotu eta indartze aldera, 60ko hamarkadara, euskarazko generoaren hastapenetara, begiratu du EHAZEk lehenengo saria nori eman erabakitzeko. Estreinako sari hau, Iñaki Beobidek (Zumaia, 1934) jasoko du. Jarrai taldean hasi zen euskal kulturgintzan eragiten, 50eko hamarkadaren hondarrean, Ramon Saizarbitoria, Xabier Lete, Arantxa Gurmendi eta Juan Antonio Arozenarekin, besteak beste. Euskarazko antzerkia berritzeko eta zabaltzeko kudeaketa lanean buru-belarri aritu zen hainbat urtez, eta, beste askoren artean, Antzez Taldeen Elkartea eta «Antzerti» aldizkaria sortzen lagundu zuen Beobidek.
Antzerkia nagusi
Sari banaketa, ordea, ez da ekitaldi hutsala izango. Azaroaren 27rako egitarau oparoa aurreikusi du EHAZEk, eta egun osoz Villabonako kaleak antzerki agertoki bilakatuko ditu.
Goizeko hamaiketan abiaraziko dute eguna Porrotx eta Marimototsen kalejira batekin eta, horien atzetik, haurrei zuzendutako hamaika proposamen izango dira. Eguerdian, bazkari herrikoia izango da -parte hartu nahi duenak, asteartea baino lehen antzerkizale@hotmail.com helbidean izena eman behar du- eta, arratsaldean kale antzerkia izango da nagusi. 20.00etan egingo da sari banaketa Gurea Antzokian -sarrerak leihatilan hartu beharko dira- eta eguna biribiltzeko, festa berezia antolatu dute herriko gaztetxean.