GARA > Idatzia > Kirolak> Futbola

Euskal Selekzioak ESAITen prentsaurrekoa

2007ko argazkia ezin errepikatu, ofizialtasunik bilatzen ez bada

Lakuak eta federazioek «Espainiako selekzioari alfonbra gorria jarri» eta «Euskal Herrikoari ateak itxi» dizkiotela uste du ESAITek.

p026_f01_444x444.jpg

Arnaitz GORRITI

Asteazkenean bidalitako prentsa oharrak harroturiko hautsaren eta publiko eginiko makina bat kritikaren aurrean, kazetari andana aurrean zelarik, ESAIT-ek Gabonetako futbol partidaren inguruan bere iritzia plazaratu zuen atzo Bilboko Abando hotelean. Ohar horretan Euskal Herriko selekzioak ez duela partidarik jokatuko adierazi ostean, iritzi hori plazaratzeko arrazoiak eta datuak aipatu zituzten atzoko prentsaurrekoan, beti ere 2007ko abenduaren 29a erreferentziatzat hartuta.

Antza, partida hori gertatu dadin jokalarien eta Federazioaren artean izaten ari diren negoziaketetan sartu gabe, Euskal Selekzioen Aldeko Iritzi Taldearen ustez, «aurtengo Gabonetan ez da 2007ko argazkirik izango. Zazpi herrialdeak bere barnean hartzen dituen selekzio nazionaltzat ulertuta, Euskal Herriko selekzioak ez du jokatuko; gure eskuan ez dagoenez, ez dugu guk hori erabaki. Eskuan ditugun datuen arabera ateratzen dugun ondorioa adierazi besterik ez dugu egiten», azaldu zuen ESAITeko kide Egoitz Askasibarrek.

ESAITeko bozeramaile Martxel Toledok gaineratutakoaren arabera, «Euskal Herriko selekzioak ez du abenduan partidarik jokatuko Euskadiko Futbol Federazioak eta Eusko Jaurlaritzak ez dutelako inongo borondaterik ofizialtasunaren bidean Euskal Herriko selekzioen alde urratsik emateko».

«Ikusi besterik ez dago Eusko Jaurlaritzak eta federazioak karguan jarri zirenetik egindako ibilbidea: Espainiako selekzioari `alfonbra gorria' jarri dio eta Euskal Herrikoari ateak itxi. Adibidez, Espainiako saskibaloi selekzioa Gasteizera ekarriz, Euskaltel Euskadi taldeari bere errotulazioan Espagne-España jarraraziz, edota 2011ko Espainiako Itzulia Euskal Herrira ekarriz, 32 urteren buruan. Gure prentsa oharrean, euskal jokalariek federazioei jarritako baldintzetan oinarritzen den selekzioaz ari ginen», argitu zuen Toledok.

2007ko testuingurua ardatz izan zuen atzoko prentsaurrekoak. «San Mames lepo beteta, giro aparta eta `Nazio bat, selekzio bat' lelopean 25.000 lagunetik gorako manifestazio nazionala izan zen Bilboko karriketan», nabarmendu zuen Toledok.

«Argazki horren aurrean deseroso azaldu ziren hainbat, tartean EAJ-ko agintari zenbait», gaineratu zuen. «Horren ondorio dira, ofizialtasunaren alde emandako urratsek aurrera egin ez dezaten egindakoak: hala nola Iñaki Dobaran jaunaren ordez Santiago Arostegi jauna federazio buru jartzea lortu zuten».

Aldaketa horren ostean, «2008an federazio horrek eta Jaurlaritzak egindako adierazpenak daude: `Espainiako legearen kontra ez dugu ezer ere egingo'; `ez dugu kirola politizatu nahi'; `egun, euskal selekzioek ez dute nazioartean ofizialki aritzeko aukerarik'. Hor atzean nabarmen ikusten da Arostegi jaunaren borondatea», deitoratu zuen ESAITeko bozeramaleak.

Egoera honen aurrean «deseroso» ikusten dutela adierazi zuten ESAITeko kideek, «Jaurlaritzak espainiar kontzientzia bultzatzeko hautua egin» duela-eta.

«Testuinguru horretan diogu, abenduan jokalariek eta gizartearen gehiengo handi batek eskatu duen bezalako Euskal Herriko selekziorik, ofizialtasunaren alde urratsak eman nahi dituenik, tamalez, ez dela izango», arrazoitu zuten azkenean.

«Batzorde ireki eta plurala sortu beharra dago»

ESAITeko kideek beren aurkako kritikei erantzun nahi izan zieten, batik bat egunotan euskal selekzioen bozeramaile kargua nork eman dien galdetu dutenei.

Alde batetik, Martxel Toledok honakoa adierazi zuen: «ESAITek inongo presio eta bitartekaritzarik gabe egiten ditu erabakitzen dituen ekintzak edo adierazpenak. Kontrakoa esatea gezur handia da. Egia da, berriz, hartzen ditugun erabakiak hartzeko, gure zalantzak edo aldarrikapenak beste batzuekin partekatzen ditugula: selekzioen inguruan dabilen jendearekin, elkarteekin, klubekin, jokalariekin... baita federazioekin ere».

Santiago Arostegirekin bilerak «eskatu» dituela onartu zuen Toledok, honakoa gaineratuta: «Gaur da eguna Euskadiko Futbol Federazioarekin ez duguna inolako bilerarik izan, baina ez ESAITek eskatu ez duelako, Arostegi jaunaren iritziz, ez garelako inoren ordezkari baino».

Alabaina, aurrerapausoak ematen jarraitzeko asmoz, «ofizialtasunaren alde batzorde ireki eta plural bat ahalik eta arinen sortzea» proposatu zuen prentsaurrekoa amaitzeko.

«Ofizialtasunaren alde estrategiak eta pausoak adosteko ordua dela deritzogu», azaldu zuen Egoitz Askasibarrek. «Beraz, ahalik eta arinen, egoera deseroso honen aurrean, batzorde ireki eta plural bat sortu behar dela uste dugu. ESAITek bere ideia duen moduan, beste guztienak ere garrantzitsuak iruditzen zaizkigu, arazo hau konpondu nahi duten guztien iritziak ezinbestekoak baitira». A. G.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo