GARA > Idatzia > Ekonomia

Larre Lore guneak Azkaine eta inguruko herrietako jarduera ekonomikoa jasoko du

Ipar Euskal Herrian jarduera ekonomikora bideraturiko lurren eskasiari aurre egiten lagunduko du Larre Lore guneak. Dagoeneko %85 erreserbatua dago eta 2011 hasieran lehen lantokiak eraikitzen hasiko dira.

Arantxa MANTEROLA | BAIONA

Harrotasunez aurkeztu dute Azkaineko auzapezak eta Hego Lapurdiko Herri Elkargoko hautetsiek Larre Lore gune berria.

Ipar Euskal Herrian jarduera ekonomikoetara bideraturiko lurzoru eskasia ezaguna da. Azkainen, eta inguruetako herrietan ere, enpresarien eskaerari aurre egiteko xedearekin, Herri Elkargoak «dinamika azkarra» darama, Michel Iriart presidenteak gunearen aurkezpenean adierazi zuenez.

Maiatzean Saran inauguratutako Portua gunearen bideari jarraitu dio Larre Lorekoak ere. «Jarduera ekonomikoa sustatzea, enplegua mantentzeko lagungarri izango delakoan gaude», gaineratu zuen Iriartek.

2008an 3,8 hektareako lur saila erosi zuen Herri Elkargoak eta urbanizazio lanak egin ditu bertan. Guztira, 1.100 eta 3.000 metro arteko 13 sail eraiki dituzte, eta 50 lantoki eta 200 lanpostu inguru sortuko dira bertan.

Ia 2 milioi euroko inbertsioa

Egun sail horien %85 erreserbatua dago eta salmenta prozedurak abian dira. Hainbat lantokiren eraikuntza baimenak ere onartuak dira dagoeneko eta obrak 2011 urte hasieran hasiko dituztela aurreikusten dute.

Enpresa gehienak (%86) Hego Lapurdiko Herri Elkargoko lurraldekoak dira eta horietatik erdia baino gehiago Azkainekoak. Hain zuzen ere, bertako Udala izan da proiektuaren sustatzaile nagusia.

Lurraren erosketak, urbanizazio eta azpiegitura lanek ia bi milioi euroko kostua izan dute. Horietatik %50 hartu Herri Elkargoak bere gain ditu. Paueko Kontseilu Nagusiak 170.000 eurorekin lagundu du proiektua eta gainerakoa Azkaineko herriak ipini du.

Larre Loren ezarriko diren jardueren artean daude euskal ekoizpeneko gaiak (ehungintza, gazitegiak, garagardoa...) fabrikatzeko eta sustatzeko lantegi-herrixka; industria txikiak (igeltserotza, zurgintza...) eta zerbitzuak (denda txikiak, jatetxeak...).

Enpresen mintegia

Herri Elkargoak beste proiektu bat egikaritzeko asmoa du; enpresen mintegi bat, hain zuzen. Iriartek adierazi zuen jarduera berritzailea bultzatzeko helburuarekin, 750 m2-ko eraikina egingo dutela. Bertan, 16 bulego, hiru tailer eta erabilera komuneko guneak kokatuko dituzte.

Lursailari ahalik eta etekin gehien ateratzeko, etxebizitzen eraikuntza bideratu dute goialdean. Sustatzaile pribatu bat 120 etxebizitza eraikitzen ari da. Horietatik batzuk etxebizitza sozialak izango dira.

Jean-Louis Laduche Azkaineko auzapeza eta Christine Bessonart Senpereko auzapez eta Herri Elkargoko jarduera ekonomikoko arduraduna ere pozik agertu ziren elkarlanean sortutako gunearekin.

Bessonartek, gainera, Senperen antzeko proiektu bat gauzatzekotan dabiltzala iragarri zuen. 50 hektareako sail baten aukerak aztertzen ari direla eta finantziazio-bideak aurkitzeko hainbat urrats egin dituztela jakinarazi zuen.

IRAUNKORTASUNA

Garapen iraunkorraren irizpideak jarraitu dituzte Larre Lore gunean. Bertan ezarriko diren enpresek ingurumenari eta energiari lotutako zenbait gomendiorekin eraiki beharko dituzte lantokiak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo