GARA > Idatzia > Kultura> Zinema

«Amerikanuak», bukatzear den bizimodu baten argazkia, sorterriko begiradatik

p039_f02_097x176.jpg

Anartz BILBAO | BILBO

Nacho Reig (Teruel, 1969) eta Gorka Bilbao (Gernika, 1974) zinemagileek «Amerikanuak» dokumentala aurkeztu zuten atzo Bilbon, gaur zinema-aretoetara heltzekoa dela eta. Filmak, Elko herriak (Nevada, AEB) jaso zituen euskal etorkin batzuen istorioa kontatzen digu, eta herriminari buruz hitz egiten du; «herrialde arrotz batean bizitza duina eramateko borrokari eta komunitate bateko kide sentitzeari buruz», promozio orriak dioenez.

Dokumentuaren arduradunek zinemarako egiten duten lehen lan mardula da honakoa, ekoiztetxe txiki batean emana. Beraien esanetan, «Elkoko euskaldunen egunerokoaren argazkia egin nahi izan dugu», `amerikanuen' historian sartu eta datuak aztertzeari muzin eginda -zenbat eta noiz joan ziren...-, telebistarako egindako lanetan ezagutu ahal izan ditugulako datu horiek guztiak. «Elkon ezagutu ditugun euskaldunen sentimenduetan sakondu nahi genuen, herriminari buruz hitz egin eta beraiek kontatutako istoriotxoetatik atzerrian izan dituzten bizipenak ezagutu, batzuk gazterik joan eta bertan zahartu dira eta».

Horretarako, «hasieran Internetez bertan zen euskal komunitatea bilatu eta hemen dituzten familiakoekin hasi ginen lanean, urruti zituzten familiartekoak, `amerikanuak' ezagutzeko».

Gero, aurtengo neguan, urtarril eta otsail artean, Nevadara jo eta bertan dokumentaleko protagonistak ezagutu ostean, grabatzen hasi ziren. «Kasik gidoi barik, ezagutu ahala konturatzen joan nork emango duen pelikulan besteak baino hobeto... eta aurrera».

«Beste inon izan ez dugun erraztasuna izan dugu beraiekin lan egiteko, ikaragarri harrera ona izan dugu eta duten guztia eman digute. Herriminez direnez, bertaratzen den euskalduna beso zabalik hartzen dute», diote dokumentalaren zuzendariek.

«Jende behargina da, xumea oso, eta tenple handikoa». Gaia albo batera utzi eta pertsonaien argazkiak egiten ditu, beraz, filmak, oso hizkuntza zinematografikoan. «Oso bizimodu berezia izan dute, bukatzear dena».

Hizkuntza zinematografikoa

Dokumentalak Gernikan eta atzo Bilbon izan zituen aurrestreinaldiak, baina aurretik Donostiako Zinemaldian erakutsi zuten. «Eta erantzuna ederra izan da. Aretoak beteta, eta ikusleria, interesatuta, eta jakingura asetzeko galderak eginez...».

Bizimodu gogor baten lekuko izan dira Bilbao eta Reig zuzendariak, baina «Amerikanuak» ikusi ostean, barre ederrak egin dituenik ere bada. «Bitxikeria politak kontatzen dituzte, oso komikoak; istorioa berez oso tristea den arren, zinema-aretotik atera osteko hausnarketan ohartzen garenez».

Lanak Audience gernikar talde bikainaren musika du, eta jatorrizko hizkuntza euskara du -ingeles apur bat ere bai-. «Bakoitza Euskal Herriko bazter batetik heldutakoa den arren, jaioterriko hizkera gordetzen dute, etxetik eraman zutena, aurreneko egunean bezala. Eta harritu gintuen horrek».

Audience gernikarren sonoritate amerikarra

«Amerikanuak» lanak immigrazioaren inguruko arazo globala kontatzen du, eta herrimina agertu. Eta oso modu zinematografikoan landutako irudiak hobeto ulertarazi eta horiei laguntzeko, Audience talde gernikarrak sortutako musika du bidelagun.

Talde bikaina da gernikarra, iparramerikar sustraidun doinuak barruan daramatzana eta AEBetan ere musika eroso sortuko lukeena. «Filmeko soinu banda egiteko gonbita jaso genuenean, gure alde `amerikarra' nahi zuten zuzendariek. Beraiek oso kontu zehatzak eskatu zizkiguten, instrumentazio mota... itxita zetorren. Eszenak buruan zituzten, eta hauek kontatzen zutenaren arabera, emozioekin uztartzeko musika sortu beharra genuen», azaldu du Hannot Mintegia taldekideak. «Mendian bakarrik eta galduta zegoela-eta, musika gogorra eta iluna; eta taberna giroko pasarte batean berriz, lagun artekoan, alaiagoa».

Sorkuntzari dagokionez, «gaitzagoa izan da guretzat ideiak kentzea jartzea baino, estilo aldetik sonoritate mota hau oso barruan baitugu». Gero hizkuntza zinematografikora egokitu beharra dago, noski. «Kantuak ez du bakarka horrenbesteko presentzia, istorio baten menpe dago eta irudietara egokitu beharra du. Baina pisua pelikulak izateak erraztasunak ere ematen dizkigu, instrumentazio berriak frogatu... sorkuntza beste modu batean antolatzeko».

Audience taldeak Bide Huts zigiluan plazaratu du «Amerikanuak» diskoa, eta horrenbeste material izanik, zuzenekoetarako ikuskizun berezi bat prestatzeko asmoa ere badarabilte taldekideek buruan. GARA

Fitxa

Filma: «Amerikanuak».

Zuzendariak: Gorka Bilbao eta Nacho Reig.

Iraupena: 91 minutu.

Soinu banda: Audience

(Bide Huts zigilua).

Gaur zinemetan:

Trueba (Donostia) + Multicines (Bilbo) + Cines Alexandra (Bartzelona) + Pequeño Cine Estudio (Madril).

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo