GARA > Idatzia > Kultura

Aipagarriak

«Irrien lagunak» izateko gonbita egin dute Pirritx, Porrotx eta Marimototsek

A. BILBAO | BILBO

Katxiporreta pailazo taldeak Irrien Lagunak Kluba aurkeztu zuen atzo jendaurrean, Elkar taldea eta «Berria» egunkaria lagun zituela. Alta, ez da Euskal Herrian Pirritx, Porrotx eta Marimototsek lagunik ez duen herririk, eta atzokoan ere, aurkezpena egiteko hautatu zuten Kafe Antzokia mukuru bete zen, Bilboko Konpartsetako kideekin, kamiseta koloredun biziak soinean.

Irrien Lagunak ekimena, Porrotxen hitzetan, «orain bi urte mamitzen hasi eta haurdunaldi luzea» izan duen egitasmo berria dugu, «haurrentzako eta euskaraz sortutakoa».

Pailazoekin batera aurkezpenean parte hartu zuten Elkar taldeko ordezkari Joxemari Sors-ek eta «Berria» egunkariko Juan Mari Larrartek. Biak bat etorri ziren «euskaratik eta euskaraz kultura sustatu, produktu eta proiektu berriak» sortu beharraren inguruan, «herri honetan behar-beharrezkoa dugun elkarlanean indarrak metatuta».

Irrien Lagunek idatzitako txostenak dioenez, Klubak helburu argi bat du: «Euskal Herriko haurrei eta hauen hezkuntza prozesuan bidelagun diren norbanako eta taldeei zuzendutako komunikazio proiektu sendoa sortzea, euskaraz».

«Irria» aldizkaria

Irrien Lagunak Kluba bi hedabide aurkezten dizkigun egitasmoa da. Batetik, webgune osatu bat eta, bestetik, «Irria» aldizkaria. Atzo, azken honen lehen zenbakia ezagutzeko parada izan genuen, eta bertako koordinatzaile Gari Berasaluzek azaldu zuenez, «kolore biziko aldizkari alai eta erakargarria dugu, 44 orrialdekoa. Bertan, marrazkilari bikainek parte hartuko dute, baita puntako idazle eta bertsolari ezagunek ere». Eta landuko dituzten gaien artean, Katxiporreta taldeak ikuskizunetan agertzen dituenak daude.

Aldizkaria 5,75 euroan salduko da, eta 45 euroren truke urteko harpidetza egin daiteke, hamar zenbakiz osatua.

Egitasmoaren bigarren atala berriz, irrienlagunak.com ataria da, klubeko kide egiteko aukera ematen duena, doan. Ataria atalez aberats jaio da, eta gaurtik aurrera erabilgarri izango dugu. Laburtzearren, haur euskaldunentzako `sare sozial' bat dela esan genezake, hori baino askoz gehiago ere badela jakinda: «Haurraren, gurasoen, eskolaren eta klubaren arteko eguneroko harremana bermatuko du».

Beti bezain umoretsu eta txantxazale, Porrotxek argitu zituen Klubak defendatu edo landu nahi dituen gai edo balioak; gizartea eraldatu eta «koloretako Euskal Herri bat sortu». Bibotedun bihurriaren esanetan, «badira hogei urte baino gehiago sudur gorria jantzita gabiltzala, alprojakeriak egiten. Baina haurrak guri begira daude, eredu bihurtu gara». Horregatik, gizarte osasuntsuago bat lortu nahian, makina bat gai landu izan dituzte ikuskizunetan: minbizia, etorkinak, natura...

Eta orain, Pirritxek bikiak izan dituenez, haurren hezkuntzan laguntzeko taldea sortu dute, kluba. Pailazo pinpirina ez dute bakarrik utziko baina, eta makina bat lagun izango ditu ondoan, Pupu eta Lore bikiak hazi eta hezi daitezen. Atzo ezagutu genituen batzuk: Martinber sortzailea, Marikalanbre eta amona Txinparta zientzialariak -Elhuyarrek jagongo ditu-, Largabista naturazalea, Lagun zakurra... eta klubeko lagun guztiak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo