Xabier Gantzarain 2010/11/18
Bakartasuna
Gantzadun ogitarteko bat jatera joan nintzen, atzo, indarberritzeko, eta tabernan telebista zegoen piztuta. Asmakizuna hori da. Basagoiti pilotan ari zen, eskuz, frontoi berde batean. Albistegiaren izenak ez du inor engainatzen: Telenorte. Begira, esan zuen barrara eserita kafea hartzen ari zen langile itxurako langile batek, Basagoiti eskupilotan jokatzen. Gero mikrofonora hurbildu eta hitz batzuk egin zituen. Zenbatean behin esaten dute izaten direla hauteskundeak?
Ogitartekoa iritsi bitartean, Gipuzkoako egunkaririk salduena hartu nuen aspaldiko partez; Espainiako kazetarik salduena zen beste aukera, eta kirol konturik ez nuen nahi, barrua ez neukan Xabi Alonso euskaldun eta basko eredugarriaren aurpegi leuna berriz ikusteko. Ikusi duzue azalaren azpian Espainiako selekzioaren tixerta daramaten jokalarien iragarkia?
Hozka eta hozka, konturatzerako kulturako orrietara iritsi nintzen. Argazki handi bat zegoen lehen bi orrietan: Euskadi Saria jaso duten idazleak ageri ziren, oholtza gainean, erdi-erdian Patxi Lopez pertsonaia zutela. Fermin Etxegoien bilatu nuen, bakar samarrik ikusi nuen ezker-ezkerrean. Ezin izaten dut argazki oina irakurtzeke geratu: Fermin Irigoien zen han.