GARA > Idatzia > Iritzia> Hemeroteka

Jon Garmendia 2010/11/17

Bada egiteko, eginikoa ere bai ordea!

(...) Poza sentitzen dut xapelketa bukatu eta. Milaka jendek segitu dituzte saioak zuzenean, milaka gehiagok internet bidez, eta telebista, prentsa idatzia edo bestelako hedabideen euskarrietan presentzia handia ukan du Xilabak.

Zorion piloa jasotzen ari gara, eta zorion hori partekatu nahi ginuke. (...)

Saioak antolatzen dituztenei gomita luzatu nahi genien, hemen badelako bertsulari handirik, maila handikorik, saioak antolatzera animatu nahi ginuen jendea, hemen, eta hemengoekin. Baina denbora berean hemen eta hemengo terminoak ere anakronikoak direla erran nahi ginuen, zaharkiturik gelditu direla, ez dela iparralderik, ez dela iparraldekorik, hegoaldea eta hegoaldekorik ez den bezala, Euskal Herrian bizi garelako, eta euskaldunak baizik ez garelako.

(...) Etorkizuna gure eskutan dago. Isilean, taldean, eta elkarlanean lan egiten asmatu beharra dago, gaur jaulkitzen diren mezu ezkorrak baikor bilakatzeko manera bakarra baita hori.

Negar egiten duenak badaki zergatik egiten duen, eta negarra zerk eragiten dion, baina irri egin behar duela ohartzeak soilik eramanen du alaitasunaren bidean irri egitera. Badakigu lan asko egin zutela guri testigua eman digutenek, badakigu lan asko egin dugula, eta badakigu asko dagoela egiteke. Egindakoa ez dela aski ere bai. Baina asko hausnartu eta eztabaidatu da Bertsularien Lagunak elkartean deliberoa hartu aitzin. Zuzendaritza eraberritu da, eta elkartearen norabide berri bat finkatu. Buruan ditugu egin beharrekoak, orrian idatzi ditugu, eta eskulanari ekingo diogu praktikara eramateko bidean.

Asko egin da, eta asko dago egiteke, bai, baina errealista ere izan behar da, eta zer egin dezakegun eta noraino heldu gaitezkeen present izan. Oroitzen dut tipia nintzelarik, galtzamotzekin oraindik, nola aitak lau anaiak soro handi bati beha jarri gintuen, eta garbiki hitzegin zigun, «ikus soro handi hau, lan handia egin behar da dena goldatzeko, gauza asko erein daiteke bere luze zabalean, baina zuen eskuekin landatu ahal duzuena besterik ez da bertan loratuko, zuek egin beharko duzue lana, eta zuek gozatuko duzue lan horrekin lortzen duzuena ere. Etxeko abereentzat behar adinakoa ateratzen baduzue aski dela ikasi behar duzue, eta baita zuentzat ateratzen duzuenarekin ere; asko behatuko diote kanpotik, askok, eta askozaz gehiago erein daitekeela esango dute, probetxu gehiago atera ahal zaiola soro horri, baina haietako bakar bat ere ez da aitzurra eskutan hartu eta lanera bilduko».

(...) Askori xapelketaren distira hori ez zaio aski, beti ikusiko baitute soro handi bat, non asko erein daitekeen, baina hori bai, aitzurra hartu eta ez dira soro horretan ereitera helduko. Eta guzi horiei aski dela esateko garaia ere bada!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo