Fito Rodriguez UPV-EHUko irakaslea
Auto karabana
Egun, berriz, ezin dute onartu faxista linguistikoak direnik eta euskarari bere aukerak aitortzen dizkiote... menpekotasunean eroso senti dadin betiere
Batzuek auto karabana egin egiten dute eta beste batek autokarabana eduki dezake. Badakizue, gure Euskal Herri honetan protesta egitea besterik ez daukatenek autoa ere ukan, badaukate... nahiz eta euskal hiriaz kezkatuta dagoenarentzat, herriaren zarataz eta kalapitaz nazkaturik, naturara alde egitea edota bidaiatzea herri hau maitatzen segitzeko ezinbesteko bihurtu. Beste kulturak eta tokiak gertutik ezagututa, gainera, gurea hobeto ezagutzen dugulakoan, gurea den hori guztia erlatibiza daiteke eta bere neurrian hartu...
Batzuentzat kultura aldarrikapena izaten den bitartean, bakan batzuentzat gozamena behar du izan, eta, ondorioz, aukera gisa ulertzen saiatzen dira. Horrela, eleaniztasuna goraipatuz, euskararen arrakasta komertziala lortu nahian ibiliko dira bizi dugun gizarte kontsumo honetan. Euskara eta errebindikazioa bereizi beharreko binomioa dela pentsatuko du honek, bestela, hizkuntzaren garrantzia neurriz kanpoko bihurturik, euskarari sitsa usaina itsatsita geratuko zaio betiko.
Auto karabanak egiten diharduenarentzat, ordea, euskarak ez du kontsumo lehengaia izan behar, kontsumitzeko ere aski lan baitu berak, bizimena eta bizimina izango dela baizik. Berarentzat herria eta hizkuntzaren egoerak agonistikoak baitira.
Besteentzat, autokarabana dutenentzat, berriz, hedonistikoa. Batek aitaren etxea defendituko du, otsoen, sikatearen eta lukurreriaren kontra... armaz, eskuz eta bularrez defendituko ere. Bestea, aldiz, hura margotzen eta egokitzen saiatuko da eroso bizi ahal izateko.
Haietariko bat langile soila izango da, edo langabetua, akaso, eta besteak, kooperatibista, kultur langilea edo funtzionario izan daitezke (euskara teknikaria, bereziki...). Batek oposizioa egiten duen aldi berean besteak oposizioak egingo ditu.
Baten bati euskararen gizarteratzeko bidean alde komunikatiboak hobetsiko ditu besteari euskararen alde barnekoiak irudituko zaizkio mamitsuenak. Azken jarrera honek, baina, bere sufrikarioak ere badakartza, adibidez Ur Apalategik «Ergatibu» izeneko ipuinean («Fikzioaren izterrak», 2010) horren ongi deskribatzen dituenak...
Bietariko bat hizkuntza despolitizatu beharra dagoenaren ustekoa izango da. Besteak, aldiz, hizkuntza arazoa ere politikoa dela pentsatuko du. Batek erakundeen hizkuntza politika aldatu nahi du. Besteak politika erakundeak eraldatu nahi ditu hizkuntzaren hobe beharrez.
Hala eta guztiz ere, orain arte neronek horrela aurkeztu arren, ez dut uste bi muturrak hain kontrajarriak direnik. Euskara aldarrikatu egiten duenak euskaraz bizi nahi baitu, eta, bestalde, euskara politikaz kanpo ikusi nahi duenak ere, orain arteko hizkuntza politikak euskaraz eroso bizi ahal izateko ez direla nahiko izan ikusten duelako.
Dena den, ene aburuz behintzat, aipatu bi ereduen arteko etena azkenean azaldutako kontraesan honetan datza: euskara eta politika.
Honez gero gizartea aldatu bada ere, eta, egun, ekoitzi beharrean, kontsumo ereduan egon arren, batzuek eredu hori eraldatu nahi dute euskaraz bizitzeko, eta, besteek, dagoen modeloa gizarteratu nahi dute, euskaraz.
Eta azken desira hau, ene uste apalean bederen, hutsala da euskararen desgarapen historikoaren gakoa, eta, halaber, etorkizunerako balizko garapena bera euskararen menpekotasunean datza. Hau da, ezin izango da euskaraz normaltasunean bizi euskararen gizarte ezinbestekotasuna bermatzen ez den bitartean. Euskararen egungo egora soziolinguistikoan hizkuntzaren hautua edukitzea hutsaren hurrena baita. Euskaraz bizitzeko behinik behin, ez baitu balio.
Balio du, noski, euskara sustatzeko erabili behar zen diruaz Reala futbol taldea gizentzeko edo superkontzertuak antolatzeko espektakulu eta kultura zer diren nahasten duen hirian. Hizkuntz ukipen egoeran dagoen eredua iraunarazteko baliagarria da, jakina, euskararen menpekotasuna jasangarria bihurtzeko.
XIX. mendearen hasieran (1836ean) espainiarren alde borrokatzeko Euskal Herrira etorritako britainiar armadako soldaduek erabil zezaten Baionako Lamaignére argitaletxeak euskara-ingelesa-espainiera hiztegia kaleratu zuen. Oso glosario bitxia zen ez baitzegoen alfabetikoki antolaturik, baina praktikoa omen zen oso ia euskal elebakarra zen biztanleriaz aritzeko.
Eleaniztasuna ez da atzo goizekoa, nazio-estatu homogeneizatzaileen aurrean are hizkuntz ugaritasun zegoelako. Izan ere, arazoa ez baitago mintzairen dibertsitatean haien artean ezarritako hierarkian eta hurrenkeran baizik, zein den ezinezkoa eta zeintzuk, hautazkoak, alegia...
Europako kultur hiriburu izan nahi duen Garibai kalean euskal liburuak erretzeko ( eta debekatutako guztiak, bide batez...) egin zituzten suteetan kiskalitako asko eta asko hiztegiak izan ziren. Hiztegiak hizkuntzak jartzen ditu harreman horizontalean... ez dago, beraz, menpekorik... eta hori euskarari ezin zioten onartu faxistek.
Egun, berriz, ezin dute onartu faxista linguistikoak direnik eta euskarari bere aukerak aitortzen dizkiote... menpekotasunean eroso senti dadin betiere.
Ez jaun-andereak... euskara ezinbesteko izan bitartean jai dugu... eta hori ez da hizkuntzen arteko arazoa hiztunlerien artekoa baizik, hau da, auzi politikoa.
Abenduaren 3a dela eta, euskararen egunaren kariaz, erakundeek antolatuko dituzten ikus-entzunezko ospakizunak itsutu baino lehenago, argitu nahi nuen nik afera hau.