GARA > Idatzia > Ekonomia

Saregin eta kai neskatilen lan baldintzak duintzeko konpromisoa hartu du Lakuak

60 emakume profesionaletik gora bildu ziren atzo Hondarribian ospatu zen Saregin eta Kai Neskatilen Euskadiko Elkarteko IV. Biltzarrean. Kolektiboaren beharrei erantzuteko lan egingo duela adierazi zuen Lakuak.
p030_f01_148x136.jpg

GARA | HONDARRIBIA

Saregin eta Kai Neskatilen Euskadiko Elkarteak urteko batzarra ospatu zuen atzo Hondarribian. Guztira, Bermeo, Lekeitio, Ondarroa, Getaria, Orio eta Hondarribiko 60 emakume profesional baino gehiago bildu ziren elkartearen laugarren biltzar honetan, eta, besteak beste, 2010. urtean kolektiboaren baldintza soziolaboralak hobetzeko eta saregin eta kai neskatilen lanbidea bera duintzeko egindako jardueren errepasoa egin zuten, baita datorren urterako ekimen ugari proposatu ere.

Lakuako Gobernuko Arrantza sailburuorde Jon Azkuek berak ere Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko «saregin eta kai neskatilen lan baldintzak duintzeko Lakuak duen konpromisoa» azpimarratu zuen. Era berean, Lakuak «kolektibo honek garatzen duen funtsezko lanaren profesionaltasuna aitortzeko determinazio osoa» duela gaineratu zuen. Horrez gain, saregin eta kai neskatilen aurrean kolektiboaren beharrei erantzuteko 2011. urtean Lakuak zein erronkei helduko dien azaldu zuen Azkuek Hondarribiko biltzarrean.

Pilar Unzalu buru duen Ingurumen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak, Lan Sailarekin batera, sareginen lanbidea aitortu eta arautuko duen dispositiboa martxan jartzeko lan egingo duela ere baieztatu zuen Azkuek. Horretarako zein formakuntza behar den aztertu eta planifikatu dutela ere esan zuen.

Era berean, Arrantza sailburuordeak iragarri zuenez, «kolektibo honen gaixotasun profesionalen eta lanaren artean dagoen harremana frogatzeko Itsaspreben planarekin elkarlanean ikerketa bat egingo dugu». Ikerketa horren helburua Itsasoko Gizarte Institutuaren bidez sareginen gaixotasunak laneko gaixotasunen zerrendan sartzea izango dela esan zuen.

Bestalde, sareginekin batera kudeaketa eta funtzionamendu eredu berriak aztertuko dituztela nabarmendu zuen Azkuek. Lakuak saregin eta kai neskatilen elkartea «teknikoki eta ekonomikoki» laguntzen jarraituko duela ere baieztatu zuen.

Sareginek erabiltzen dituzten lokalei dagokionean, asteburu honetan Getariako lokalak konpontzen hasi direla azaldu zuen Azkuek. Urte bukaeran Oriokoak inauguratuko dituztela eta Ondarroa eta Bermeokoentzat irtenbide bila dabiltzala ere ezagutarazi zuen.

Azkenik, Hondarribian bildutako emakumeek elkartasuna helarazi zioten Josune Renteria elkarteko lehendakariari. Renteria pasa den azaroaren 4an Deba eta Zumaia artean istripua izan zuen «Motxo» ontziko armadorea da.

LAN Gaixotasunak

Lakuako Gobernuko Arrantza sailburuordeak adierazi duenez, Itsaspreben planarekin elkarlanean ikerketa bat egingo dute Itsasoko Gizarte Institutuaren bitartez sareginen gaixotasunak laneko gaixotasunen zerrendan sartzea lortzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo