GARA > Idatzia > Iritzia> Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Konklabeak nonahi

Erreskatera! Berriz ere dira halako oihuak ozen hasiak. Kuriosoa gero, deiadar horrena, erreskatea bankuak salbatzeko egiten bada ere, bankuak dira inguruan den guztia abordatzen dutenak, abordatzera! oihupean. Hau pirata-mundu aldrebesa! Erreskatea, bai, horretarako daude egunotan Vatikanoko Hirian bilduta aita santua eta kardinalak, konklabean edo, pederastia kasuek han-hemenka ukitutako Eliza erreskatatu gurarik. Kardinal bakoitzak buruan zer bana; zerikusirik ez, edo, emakumezko musulmanen oihalarekin. Puntu kardinalak egokiago edo markatzen dituen iparrorratza berreskuratu nahian-edo dira bilduak. Tira, kasualitatea izan badaiteke ere, Hiri horretatik inguruko ehun bat kilometroko gerrikoan ziren ume guztiak urruneko udalekuetara eraman omen dituzte denbora baterako, udazkenean eraman ere. Iturri fidagarrietatik edan ahal izan dudanez, aurrerantzean kardinal-lanpostua eskuratzeko ezinbesteko baldintza izango da pederastia kondenatzea.

Kuriosoa kondenarena ere. Lehengoan Gasteizeko Legebiltzarreko alderdi guztiek konklabean adostua, Mendebaldeko Saharan gertatu berri den oldartze marokoarra salatzeko adierazpena plazaratu zuten. Horretan zibilen heriotza kondenatu eta segurtasun indarren kideen heriotza deitoratu egin zuten. Akaso jurisprudentzia izan daitekeena helduleku hartuta, Ganbera hartan ez gaudenok banaketa hori berori hartu dezakegu aterabide, kondena eta deitorea desberdinduta? Ee? Akaso? Konklabeak nonahi egunotan. NATOk ere berea, bere lurraldea babesteko misilen aurkako ezkutua ezarri nahian. Ez dut ulertzen, aspaldian munduko ozeano guztiak Ipar Atlantiko hartuta dituen erakunde militar horren lurraldeari nondik heldu lekizkioke misilak? Lagunen sutik ote? Nago ni espezie batzuek ezkutua euren babeserako behar dutela, dortokak kasu, baina beste espezie batzuek erasotzeko behar dutela ezkutua, lehengo gladiadoreak, kasurako, edo oraingo militar horiena. Desagertzeko zorian den espeziea balira sikiera! Ama, ama, zenbat injustizia dagoen zooetan! Konklabeak nonahi. Nazio Batuen Erakundean bertan ere. Maroko kondenatu? Ez horixe. Euskarazko web batzuetan legez geroko utzi dute balizko hori. Gestok manifestaziorako deia egin du, hemengo gauzez egin ere, oso gesto lekukoa da eta. Eta horiek ere weba, gesto.org. Lehengo Ong-tik oraingo Org-ra, adierazgarria oso batzuen garrasi isila. Amen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo