GARA > Idatzia > Euskal Herria

Armiarmak eredu hartuta, gazteak ezagutu eta batzeko ekimena

Marasmen ezaugarriak oinarri hartuta; hormarik malkartsuenetan ere aurrera egiteko armiarmek duten gaitasunak eta beren izaera zirikatzaileak gidatuta. Horrela abiarazi dute gazte independentistek «saretzeko» prozesua; elkarren artean ezagutu, batu eta gazte kontzientzia indartzeko prozesua. Lehen urratsak egin zituen atzo ekimenak, prozesuari doinua eta irudia jarriko dion bideokliparen grabaketarekin.
P020_F01.jpg

Marasma Saretzen; bakoitza bere izaerarekin, bakoitzak eman dezakeenarekin eta eman nahi duenarekin, baina betiere kolektiboaren izaera berreskuratuz. Horixe helburua, horixe helmuga, eta, aurrez aurre, bertara iristeko urtebete iraungo duen prozesu emankorra. Halaxe aurkeztu zuten atzo gazte independentistek Bilboko Zorrozaurre auzoan Marasma Saretzen prozesua; azken denboran gertatu diren aldaketek gazterian eragin duten etena saihesteko, eta, aldi berean, gazte kontzientzia berpiztu eta motibazioa areagotzeko helburuarekin mamitu den proiektua.

Hastapenetatik, aurkezpenetik, hautsi nahi izan dituzte moldeak. Horren erakusle, egitasmoari musika jarri dion kantuaren bideoklipa grabatuz eman dute ekimenaren berri.

Azken denboran hausnarketa egin ostean, gazteen ohitura eta joerak asko aldatu direla ondorioztatu dute. «Gazteriaren komunikatzeko ohiturak aldatu dira, politikarekiko ikuspegi negatiboa ugaritu egin da, belaunaldi ezberdinen arteko harremanak galdu egin dira, eta, gainera, gazteriak bere kolektibo izaera galdu du erabat indibidualizatzeraino», azaldu dute. Horrekin batera, gazteek gazte izateagatik duten problematikaren kontzientzia galdu egin dela uste dute, baita estatu espainol eta frantsesak aurrera daramaten asimilazio kulturalak negatiboki eragin duela kolektibo gisa gazteek duten sentimenduan ere.

Gazteak gazteez

Hausnarketon aurrean ez dute, ordea, besoak gurutzatuta geratzeko asmorik. Hori dela eta, gazteei «iraultzarako subjektu» bilaka daitezen egin diete dei, «eguneroko gauza txikiak aldatuz egiten baita iraultza».

Hamabi hilabetez luzatuko den prozesuak atzo egin zituen lehen pausuak. Gazteak ezagutzea izango du xedeetako bat, eta, horretarako, gazteak gazteen begietatik begiratzea proposatzen dute; hau da, gazteei egotzitako estereotipo eta usteetatik aldenduta, benetako kezketan arreta jarrita.

Herriz herri egingo dira azterketak eta prozesua bera ere herriz herri burutuko da. Gazteak ezagutzeko ez ezik, gazteen artean dauden mugak hautsi eta harremanak bultzatzeko ere izango da aberasgarri.

Komunikazio bideek duten garrantziaz jabetuta, kontzientziak astintzeko zabalduko den fantzineari «Ez zaitzala pestizidak lokartu» izen deigarri eta esanguratsua jarri diote, betiere armiarmaren irudia buruan. «Gazteok gure eguneroko bizitzako kontuak zalantzan jartzea eta horien inguruan gogoeta egitea lortu nahi dugu; gazteok bizi ditugun arazoak ez direla kasualitatea ikus dezaten nahi dugu. Ondoren, nola ez, gure ingurukoekin kezkok konpartitu nahi ditugu».

Irudiek pisu handia izango duten fantzinean, eta, horien bidez, besteak beste, kapitalismoak eraiki duen gazte eredua, errepresioaren aurpegiak edota publikoa pribatu bihurtzeko joerak jorratuko dituzte, «gai orokorretatik abiatuta eguneroko bizitzako gauza txikiez gogoeta egiteko».

Ereiten ari diren prozesua emankorra izango dela sinetsita, buru-belarri aritu ziren atzo gazteria irudikatu asmo duen bideoklipa grabatzen. Grafiteroek, dantzariek, musikariek, nekazariek, langileek, ikasleek, etorkinek... guztiek izan dute lekua bertan. 121 Krew, Norte Apatxe eta Goienetxe Anaiak izan dira «Imajina» kantuarekin Marasma Saretzera prozesuari doinua jarri diotenak, eta, Bilboko Zorrozaurre auzoa, bideokliparen eszenatokia; arestiko langile borrokaren esentzia mantentzen duten txokoen eta etorkizuneko proiektu handizaleen arteko kontraesana irudikatu nahi izan dute. Kontraesana agertoki, kontraesanik gabeko prozesuaren lehen urratsak emateko.

Maider EIZMENDI

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo