Saskibaloia Bizkaia Bilbao Basket Joventuten aurka ariko da lehen postuetan muturra sartzeko lehia bizian
«Oldarkortasuna eta talde izpiritua» berreskuratzera
Kopara begira «aurkari zuzena» da Badalonako taldea. Mumbru azken ordura arte zalantza izango da bizkarreko arazoen ondorioz. Katsikarisen ehungarren partida izango da ACB ligan entrenatzaile gisa.
Arnaitz GORRITI
Sailkapeneko seigarrena eta zazpigarrena dira Bizkaia Bilbao Basket eta DKV Joventut, hurrenez hurren. Horrenbestez, Kopa jokatzeko hautagaien arteko aurrez aurreko borroka jokatuko dute gaur eguerdian bizkaitarrek eta kataluniarrek.
Derbian jasotako zaplaztekoaz minduta eta gaurko partidaren garrantziaz ohartuta, Fotis Katsikarisek bere taldearen «oldarkortasuna eta izpiritua» berreskuratu beharra nabarmendu du asteon, ACB ligako entrenatzaile gisa ehungarren partida zuzenduko duen honetan.
«Energiaz, oldarkortasunez jokatzen dugularik, edonori irabaz diezaiokegu. Aldiz, azken aldian etxetik kanpo aritu garen bezala aritzen bagara, orduan zalantzak sortuko dira berriro. Horrek kalte handia egin digu, eta, beraz, oldarkortasuna, defentsa gogorra berreskuratzea, ezinbestekoa izango da ostean erasoan korrika egin dezagun eta gure ohiko joko bizia burutzeko», adierazi du entrenatzaile greziarrak.
Porrot baten egin beharreko «lan psikologikoaz» galdetzean, berriz, «gurean ez dago umerik», erantzun du Katsikarisek. «Jokalariek, profesionalak direlako, badakite zer egin. Hortik aurrera bakoitzak bere lana egin behar du. Kantxara ateratzen denak guztia eman behar du, zalantzatan denbora galdu gabe».
Partida bakoitzaren garrantzia
Izan ere, Kopara begira, entrenatzaile greziarrak «partida bakoitzaren garrantzia» azpimarratu du. «Oraindik falta da lehenengo itzulia amaitzeko, baina denbora badoa eta akatsak errepikatzeak izorratzen nau. Akatsetatik ikasi behar dugu eta aurrera jo. Denboraldi hasieratik esan dugu Kopan egon nahi dugula, eta, beraz, partida bakoitzari dagokion garrantzia eman behar diogu, are gehiago Joventut lako aurkari zuzen baten aurrean».
Bizkarreko arazoak tarteko, azken ordura arte ez da jakingo Mumbruk jokatzerik izango duen edo ez. Paco Vazquezek, aldiz, ez du jokatuko, asteazkenean ebakuntza egin baitzioten eta sei astez baja izango baita ondorioz.