GARA > Idatzia > Kirolak> Tenisa

Tenisa Masters Kopa

Zortzi ikaslerik onenek selektibitatea gainditu nahi dute «maisu» titulua lortzeko

ATP sailkapeneko tenislaririk indartsuenak Londresen dira jada. Gaur bertan emango zaio hasiera torneoari Soderling-Murray eta Federer-Ferrer partiduekin.

Imanol CARRILLO

Badira jada hainbat egun munduko zortzi tenislaririk onenak Londresen daudela. Jantzitegitik trajerik dotoreena hartu eta argazkilarien aginduetara eman dituzte azken orduak. Baina, aldiz, iritsi zaie dagoeneko kirol arloaren atzealdean dagoen mundu hori alde batera utzi eta jokoan bertan kontzentratzen hasteko garaia.

Urtean zehar erakutsitako erregulartasunari etekina ateratzeko aukera bikaina dute Londresen arituko diren zortzi «maisuek». Azken edizioan garaile izandako Nicolay Davydenko errusiarrak ez du aurtengoan parte hartuko; izan ere, urte kaskarra egin ostean, ez du berriz ere trofeoa altxatu eta etxera eramateko aukerarik izango.

Jarraian, ATP sailkapeneko ordena kontuan hartuta, munduko zortzi tenislari onenen ezaugarriak aztertuko ditugu.

Rafa Nadal. Manacorreko tenislariak 24 urte ditu eta aurtengoa laugarren parte hartzea du. Masters Kopan izan duen emaitzarik onena finalerdietarako sailkatzea izan da (2006 eta 2007). ATP sailkapeneko liderrak orain arte inork egin ez duena lortuko du Londresen nagusituz gero: urte berean Roland Garros, Wimbledon, US Open eta Masters Kopa irabaztea.

Roger Federer. 29 urteko suitzarrak marka guztiak hausten jarraitzeko jaio dela erakutsi nahi du berriro ere. Lau aldiz irabazi du txapelketa hau, eta, berriro eginez gero, Ivan Lendl-en eta Pete Samprasen marka berdinduko luke.

Novak Djokovic. Aurkarien imitazioak egiteagatik ezaguna bada ere, serbiarrak beti erakusten du bere maila pista gainean denean. Aurten ATP sailkapeneko bigarren postua oso gertu izan du, baina nekeak eta sakeetan egindako falta bikoitzek bere ibilbide bikaina baldintzatu dute.

Robin Soderling. Iaz Rafa Nadal kanporatu zuen Roland Garroseko finalerdietan, eta, aurten, zarata handiegirik gabe, hoberenen artean kokatu da. 26 urteko suediarrak oso maila fisiko onean dagoela erakutsi du Bercyn. Sakea eta kolpea dira bere armarik garrantzitsuenak.

Andy Murray. Etxean jokatzeagatik presio handia jasan dezake tenislari eskoziarrak. Britainia Handiko esperantza dela errepikatzen ari dira etengabe hedabideak; aldiz, eskumuturrean arazoak dituela adierazi du berak azken egunotan.

Tomas Berdych. Torneoa irabazteko aukera gutxien dituenen artean kokatu dute txekiarra, beste zenbait gauzen artean, bere lehen parte hartzea duelako Masters Kopan. Hala ere, ezustekoak ohikoak dira txapelketa honetan.

David Ferrer. Motibazioz gainezka iritsi da Alacantekoa bere bigarren partaidetzara, urtean zehar sekulako maila erakutsi baitu 28 urteko tenislariak. Federerrek bezala, 60 garaipen lortu ditu denboraldi honetan; Nadalek bakarrik irabazi ditu partidu gehiago.

Andy Roddick. A'Rod zirkuituko sakatzailerik onena da eta Londreseko pista azkarra oso ondo datorkio. Hala ere, ehuneko ehunean jokatuko duen ala hemendik bi aste eskasera AEBekin jokatu behar duen Davis Kopako finalerako indarrak gordeko dituen ikusi beharko da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo