GARA > Idatzia > Euskal Herria

Elkartasuna adierazi diete jai arrotzak salatzeagatik Pauen epaituko dituzten hiru gazteei

Iazko azaroaren 11n Uztaritzen bandera frantses bat kentzeagatik atxilotutako hiru gazteak epaituko dituzte abenduaren 2an Pauen. Eurei elkartasuna adierazi eta epaiketara joateko deia egin zuten atzo gazte ugarik.

p021_f01.jpg

GARA | BAIONA

«Euskal gazteria aitzina» lelopean bildu diren gazteek agerraldia egin zuten atzo Baionan datorren abenduaren 2an hiru gazteren kontra Pauen egingo den epaiketa salatzeko eta bertara joateko deia egiteko. Gogora ekarri zutenez, gazteak iazko azaroaren 11n atxikotu zituzten; hau da, Estatu frantsesak Lehen Mundu Gerrako armistizioa gogora ekartzen duen egunean.

Horren harira, horrelako ospakizunak Euskal Herriaren zapalkuntzaren erakusle direla salatu zuten, «hiru koloreetako banderaren presentzia biderkatzen delako, historia desitxuratzen dutelako beren mesedera eta gurea ez den errealitate bat inposatu nahi dutelako». «Akaso -jarraitu zuten nabarmentzen-, Frantziak ahantzi ote ditu 10.000 euskal intsumitu eta desertoreak? Guk ez!».

Urteak dira azaroak 11n ekimenak egiten direla salaketa gisa Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan. Iaz, aldiz, hiru gazte atxilotu eta luze galdekatu zituzten. Agerraldian gogorarazi zuten moduan, martxoan hiru gazteak epaiketa batera deitu zituzten, produradorearen ordezkoak egindako akordio proposamenari uko eginda. Haren ondotik dator oraingo hitzordua.

Gazteek nabarmendu zuten Estatu frantsesa euskal gazteriak egiten duenaz eta egin dezakeenaz beldur dela eta horregatik errepresioa handitzen ari dela. Horren aurrean, ordea, indartsu eta konbentzituta agertu ziren eta nork bere arloan lan egiteko prest. «Isilarazi nahi gaituzten bitartean oihu eginen dugu, onartuak eta errespetatuak izan arte, gazte, populu eta herri gisa».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo