GARA > Idatzia > Kultura

Gure amonen sukaldaritzatik egungo bizimoduak baldintzatutako gastronomiara bidea

Nicolasa Praderak eta Angelita Alfarok badute maitasun bat komunean: biak dira edo izan dira sukaldaritzaren maitale, bakoitza bere erara. Biak sukaldaritzaren gorenera heldutakoak dira, eta, orain, beraien jakinduriatik ikasteko aukera dugu liburu banarekin.

p047_f01_109X180.jpg

Angelita Alfaro Errioxan jaio zen, 1941. urtean. Eta, garai haietan ohikoa zen bezala, etxean ikasi zuen sukaldean ibiltzen eta lan egiten. Horren erakusle, 1991. urtean bere sukaldaritzako lehen liburua argitaratu zuen: «La cocina de Angelita». Geroztik, beste hainbat argitaratu ditu; besteak beste, «Cocina navarra» (1994), «La dieta de la vida» (Osasun eta sukalde gaietako liburu onenaren World Cookbook saria, 1997), «Cocina para estudiantes, solteros, separados, divorciados, viudos y vagos» (Gourmand saria, 2005) edo «Este compró un huevito...» (2007) haurrentzako errezeta liburua. Azken urteotan gelditu gabe ari da liburuak idazten, eta Canal Cocina telebista katean ere aritzen da. Horrez gain, eskuz egindako alpargatak ere egiten ditu.

Oraingoan «Cocina para torpes» argitaratu du Anaya taldeko Oberon Practico argitaletxean. Bertan errezeta errazak bildu ditu, baina aukeratutako produktuak direla-eta, batzuk gaurkotuta daude.

Izenburuak arreta erakartzen duela argi dago, batik bat «torpes» hitza erabiltzen duela-eta. Baina Angelita Alfaro berak azaltzen duenez, gaur egun ez dago pertsona traketsik jada, «esperientziarik gabea bai, baina ez traketsa». Gainera, eskarmenturik gabeko horiek azkar ikasten dutela uste du, baita beraiekin adi ibili behar dela ere, «oso azkarrak» baitira.

Guztira 156 errezeta jaso ditu liburu «polit» honetan. Egiten errazak eta mota guztietakoak: entsaladak, sopak, arrozak eta pastak, barazkiak, arraiak eta haragiak, eta azkenburukoak. Liburuarekin lortu nahi izan duen helburua jendea sukaldera eramatea izan da. «Sukaldeari beldurrik ez eduki, sukaldeak harrapatu bakarrik egiten zaitu-eta. Hori da liburuarekin igorri nahi izan dudan mezua eta horregatik egin dugu liburu atsegin bat, informal xamarra eta Forgesen marrazki oso politekin. Nik uste dut xarma asko duela liburu honek», azaldu du Alfarok. «Liburu erraza, erabilgarria, da. Gainera, letra handiak ditu, edadetuei gustatzen zaien bezala. Oso polita da, eta izugarri gustatuko litzaidake ingelesez ere kaleratuko balute».

Sukaldariak azaldu duenez, oso pozik dago Anaya taldearekin egindako lanarekin. Asko eskertzen dio liburu erabilgarri hau atera izana. Izan ere, erabilgarritasun horrek erakutsiko dio jendeari etxean badela esertzeko sofa bat eta etzateko ohe bat baino gehiago. «Bada txoko bikain bat, sukaldea, non gure familia eta lagunei gustua eman diezaiekegun», nabarmendu du Alfarok. «Sukaldea liluragarria da. Maitasuna eduki behar diogu, sabeletik baitator ondoren dantza. Ongi elikatutako pertsona batek hobeki pentsatzen du, ezta?».

Elikadurak garrantzi handia daukala argi dago, eta horixe errepikatzen du errioxarrak liburuaren hasieran. Mota guztietako elikagaiak erabiltzen ditu bere jakietan eta horiek bildu ditu bilduma honetan. Izan ere, amagatik ikasitakoa etxean egin eta dastatu du Alfarok, eta, ostean, gustuko errezetak bakarrik gehitu ditu bildumara. «Ez zait gezurrik esatea gustatzen, gustatzen ez zaizkidanak ez ditut idazten», azaldu du. Horren erakusle, gustatzen zaizkion platerak sartu ditu: endibia gainerreak, baita barrukiekin egindakoak ere, nahiz eta badakien gaur egungo gazteen artean ez dela oso ohikoa barrukiak jatea. Txerri hankekin egindako errezetak edota arkumeen tripotxak dituztenak ere aurki daitezke.

Gaur egungo gazteen inguruan galdetuta, izugarrizko ezberdintasunak ikusten dituela azaldu du. Izan ere, duela urte batzuk pentsaezina zen gizon edo mutil batek bere alkandora bat lisatzea; «matxismo asko zegoen lehen». «Asko aldatu da bizitza, guztion mesederako, berdintasuna izan behar dugu gure artean». Horren ildotik, sukaldean ere aldaketak izan direla aitortu du Alfarok. «Gaur egun bikotea gehiago sartzen da sukaldean. Eta gainera gaur egungo gazteek lehen baino hobeto jaten dute. Lehen gazte batek babarrun platerkada baten ondoren txuletoi bat jan zezakeen. Gaur, aldiz, gazte horrek babarrun platerkadaren ondoren arraia edota jogurt bat jango du. Gaur hobeto jaten dakigu».

Egungo bizitza oso azkarra eta estresagarria da. Hori dela eta, sukaldean aritzeko denbora gehiegi ez dugu izaten egunerokotasunean. Angelita Alfarok hori badaki, berak ere semeak baititu; horregatik, eltzean egindako janaria asko gustatzen zaion arren, badaki askotan denbora gehiegi eskatzen duela. Baina horretarako ere badu irtenbidea; horrek ez du sukaldeari beldurra edota nazka hartzeko arrazoia izan behar. «Munduko erraztasun guztiak ditugu sukaldean aritzeko. Denok dugu presio-eltzea etxean. Behar dena maitasuna da. Zure familiarekiko maitasuna baduzu, hobeto egiten saiatzen zara eta horrela ateratzen dira gauzak».

«Jende asko harrapatuko dugu liburu honekin». Hori da Alfarok uste duena behintzat. Lehenagotik sukaldean aritzen direnak eta gustura egiten dutenak, baina baita bertako ateak lehenengo aldiz irekiko dituzten horiek ere.

Nicolasa Pradera euskal sukaldari famatua izan zen. Bere izena zeramaten jatetxeak ireki zituen Estatu espainolean zehar eta euskal sukaldaritzak fama lortu zuen Nicolasari esker. Orain gutxi Donostiako Casa Nicolasa jatetxea itxi ostean, Luis Jimenez de Aberasturik sukaldari entzutetsuak idatzi zuen «La cocina de Nicolasa» liburuaren 21. edizioa argitaratu du orain Txertoa etxearekin.

«Liburu historiko baten antza du. Sukaldari askok atera dituzte liburuak, baina ez dakigu hemendik 40 urtera hor jarraituko duten edo ez. Gerra Zibila baino lehen idatzi zuen liburu hau Nicolasak eta oraindik ere hor jarraitzen du; horrek, noski, baliogarria dela esan nahi du. Ez du izar bihurtutako sukaldarien liburuen pareko tirada ikusgarririk izan, baina, ordea, garrantzitsuena lortu du: denboran zehar mantentzea», azaldu du Luis Jimenez de Aberasturik, Txertoa argitaletxeko kideak.

Liburu hau alfabetoko «A» letrarekin alderatzen du Jimenezek. «Ez badakizu `A' letra, ezingo duzu aurrera jarraitu. Horregatik esan zidan behin Joan Mari Arzakek beretzako liburu hau euskal sukaldaritzako onena eta funtsezkoena dela».

Liburuak 400 errezeta baino gehiago ditu. Baina Nicolasak egin zuena ez da Euskal Herriko errezeten bilduma soil bat. Izan ere, beste lurralde batzuetako produktuak hartzen ditu gure sukaldaritzara egokitzeko. «Denok dakigu Nafarroak olioa izan baduela, baina olio gozo-gozoa Jaengoa da», dio Jimenez de Aberasturik. «Batzuetan, beste lurraldeetako errezeta edo produktuak hartu eta izugarrizko errezeta bihurtzen dituzu, baita jatorrizko lurraldean ez atsegin arren ere».

Liburuan mota ezberdineko errezetak topa daitezke; zailak, errazak... Baina gaur egungo bizimoduarekin bat ez datozela ere ikus daiteke. Izan ere, lehen egiten zen sukaldaritza etxeko andreentzako pentsatuta zegoen, egun osoa etxean igarotzen zuten haientzat. «Nicolasak ez zuen mikrouhin laberik ezagutu. Orain gizon eta emakumeak etxetik kanpo egiten dute lan eta sarri erabiltzen dute», azaldu zuen Jimenez de Aberasturik. «Egia dena zera da: ez da presaka dabilen pertsona batentzako liburua».

Hala ere, liburu honek badu gaur egungo beste askok ez duten ezaugarri bat: «Oraingo liburuek dena esaten dizute, egosketa denbora eta guzti. Hemen, ordea, jakia egingo duen pertsonak irudimena duela uste da eta askatasun pixka bat uzten zaio halako erabakiak hartzeko unean».

Argitalpen berri honetan, Txertoa argitaletxeak testua berriz aztertu du, eta, akatsak zuzentzeaz gain, zenbait hitzen grafia egokitu du. Gainera, errezeta bakoitzean osagai guztiekin osatutako kutxa bat gehitu du. Azkenean, itxura gaurkotuagoa eman dio liburuari, betiere originala guztiz errespetatuz.

Jimenez de Aberasturiren ustez Nicolasa Pradera ameslaria zen: «Sukaldari eskola bat jarri zuen. Pentsa, garai hartan amak erakusten zion alabari sukaldean aritzen! Jatetxeetako sukaldariek ere etxean ikasten zuten, ez eskoletan. Nicolasak, ordea, eskola bat jarri zuen».

Txertoa argitaletxeko kideak txikitan ezagutu zuen Nicolasaren liburuaren balioa. Izan ere, bere gurasoek Easo liburu denda zuten Donostian eta ohitura antzeko bat zeukaten. «Ezkondu egin behar ziren emakumeei bi liburu oparitzen zizkieten eta bat `La cocina de Nicolasa' zen. Ezkongaia zela erakusten zuen ohitura horrek; mezara joan eta sukaldean aritzen zekien». Handik urte batzuetara, 1970. urtean, Madrilen liburuaren argitalpen bat ikusi zuen, baina zaharra zen eta ez oso erakargarria. Orduan, Nicolasaren alabarekin hitz egin eta edizio berri bat ateratzeko baimena eskatu zion. Geroztik bera izan da argitalpen berriak atera dituen bakarra; oraingo hau 21. da jadanik.

Hogei argitalpenen ondoren ere, liburua saldu egiten da oraindik. Bai behintzat berrargitalpenak egiteko beste. «Kontuan hartu behar da garai hartan mota honetako liburu ugari zeudela. Aldiz, gainontzekoek ez dute aurrera jarraitu, argitaletxeei ez baitzaizkie bideragarriak iruditu. Nicolasaren liburua, ordea, behin eta berriz berrargitaratzen jarraitzen da».

Gaur egun liburu hau erosten duen jendeak malenkonia eta jakin-mina izaten duela uste du Jimenez de Aberasturik. «Gehien harritu nauena honakoa izan da: liburuari buruz galdezka gizon ugariren deiak jaso ditut. Lehen hori ez zen gertatzen, emakumeak soilik aritzen baitziren sukaldean. Orain, ordea, 40 urte inguruko gizon ugarik deitu didate gurasoen etxean liburua ezagutu zutela esanez».

1912. urtean Nicolasa Praderak eta haren senarrak, Narciso Dolhagaray Picabeak, jatetxe bat ireki zuten Donostiako Aldamar kalean. Bertan, politikaren eta ekonomiaren arloetan oso garrantzitsuak izan diren akordio asko sinatu zituzten.

Jatetxeari buruz galdetzerakoan, erantzun argia eman du editoreak. «Nicolasa jatetxeak ez zuen Nicolasa Praderarekin zerikusirik. Ez Donostiakoak ezta Madrilekoak ere. Ezta sukaldaritzak ere. Kontutan hartu behar da Nicolasa izen bat dela; beraz, edozeinek erabil dezake. Ezin da Nicolasaren sukaldaritzarekin zerikusirik duela pentsatu».

Jatetxea ireki zen garaian Nicolasak berak egiten zuen bertan lan, baina, ondoren, Madrilera joan zen. Azkenik, 1959. urtean hil zenean, jatetxeak Nicolasaren arima galdu zuen. Beraz, urte asko dira jatetxea eta sukaldariaren arteko lotura hautsi zela, amaiera bitartean goi mailako jatetxea izaten jarraitu badu ere.

Maddalen LARRINAGA

Fitxa

Izenburua: «Cocina para torpes» eta «La cocina de Nicolasa».

Idazleak: Angelita Alfaro eta Nicolasa Pradera.

Argitaletxeak: Oberon Practico eta Txertoa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo