GARA > Idatzia > Euskal Herria

Euroaginduen aurka mobilizatzen jarraitzeko deia egin dute Baionan

1.300 lagun inguruk zeharkatu zituzten Lapurdiko hiriburuko karrikak atzo, Aurore Martin Batasuneko kidea sostengatzeko eta bere aurkako euroagindu eskaera salatzeko mobilizazioan. Anaiz Funosas Askatasuneko kideak Euskaldunen plazan hitza hartu eta honakoa nabarmendu zuen: «Asteartean euroagindua onartuko balitz, badakigu zer garai beltza datorren, bai Aurorerentzat bai gainontzeko militanteentzat». Hortaz, mobilizaturik jarraitzeko deia luzatu zuen.

p018_f01.jpg

Ainize BUTRON |

Euroaginduei ezetz esateko eta «eskubide zibil eta politikoak errespetatzea» aldarrikatzeko 1.300 bat lagun elkartu ziren atzo Baionan. Arratsaldeko lauetan emana zen hitzordua Lapurdiko hiriburuko Euskaldunen plazan.

Bertara sostengua ematera hurbilduak ziren ehunka lagunen erdian, bere aurkako euroagindu eskaera jaso duen Aurore Martin militantea ere izan zen; Aurorek berak eraman zuen manifestazioari hasiera eman zion pankarta. Berarekin batera, atzoko agerraldiari sostengua emana zioten alderdi, sindikatu eta erakundeetako ordezkariek eraman zuten «Euroaginduari ez, eskubide zibil eta politikoak errespetatu arte!» lelodun pankarta.

Anaiz Funosas Askatasuneko ordezkaria, Xabi Larralde Batasuneko bozeramailea, Mertxe Colina Abertzaleen Batasuneko kidea, Battita Larzabal Anai Artea elkarteko ordezkaria eta Dominique Nogueres Giza Eskubideen Ligako lehendakariak ireki zuten, besteak beste, martxa.

Anaiz Funosasek hartu zuen hitza; «indar metaketaren bidez, ireki nahi duten bide errepresibo berria deuseztatu behar dugu», nabarmendu zuen. Askatasuneko ordezkariak, 2004tik hamarka euskal herritar «euroagindu prozedura injustuen bidez Espainaratuak eta presondegiratuak» izan direla gogoratu zuen. Jarraian, honako galdera luzatu zuen: «Gaur egun Euskal Herrian irekitzen eta eraikitzen ari den prozesu demokratiko honetan, zergatik joan den astean aplikatutako euroagindua?».

Aurrekari garrantzitsua

«Aurore, Espainiara bidali nahi badute, eginen dute, eta, ondotik, beste hemengo arduradun politikoak. Aurrekari inportante baten aitzinean gaude», nabarmendu zuen Funosasek. Aurrekari horri Estatu frantsesak «posibilitatea irekitzen» diola gehitu zuen Askatasuneko ordezkariak, baita «zuzenki asumitu gabe, ilegalizazioak aplikatzea» ere.

Askatasuneko ordezkariak, ondoko asteartean Pauen egingo den epaiketaren garrantzia izan zuen hizpide. «Euroagindua onartua bada, badakigu zer garai beltza datorren bai Aurorerentzat bai gainontzeko militanteentzat», azpimarratu zuen.

Ondoko egunetan euroaginduen aurka egingo diren ekimenetan parte hartzeko deia zabaldu zuen Funosasek, eta, besteak beste, asteartean izango den delibero egunean Pauera Martini sostengua ematera joateko gomita luzatu zien bertan zeuden guztiei. «Euroagindua onartua ez bada, argi ukan behar dugu lortutako atxikimendu zabalari eta mobilizazioari esker izan dela. Gogoan atxiki behar dugu saiakera gehiago izanen direla», bukatu zuen.

Horrekin, desfilea Baionako plazatik abiatu zen, bertan zeudenen txalopean. Berehala karrika hertsietan barnatu zen. Errobi ibaia bazterretik jarraitu eta Baiona txikiko San Andres plazan sartu zen.

«Euroaginduari ez!» edo «Euskal Herria utzi bakean» aldarrikapen bakarren deiadarretatik kanpo, desfilea isiltasunean egin zen Baionako kaleetan zehar.

Ordezkariak

Asko izan ziren atzoko manifestaldian parte hartu zuten alderdi, sindikatu eta kultur munduko ordezkariak. Besteak beste, EAko Manex Pagola edo Pantxoa Carrere abeslari ezaguna.

Bove, Alfonsini eta Greze eurodiputatuen sostengua

Aurore Martinen aldeko eta euroaginduen aurkako atzoko mobilizazioak sostengu ugari lortu ditu. Aurreko egunetan jasotako sindikatu, alderdi eta erakundeen babesaren ostean, atzo bertan Jose Bove, François Alfonsini eta Catherine Greze Europe Ecologie alderdiko Estatu frantseseko eurodiputatuen sostenguaren berri eman zuten Baionan bertan.

Horiekin batera, Akitania eskualdeko bost kontseilari, Jean Lassalle lekuko diputatua eta Didier Borotra Biarritzeko auzapeza eta senataria euroaginduaren aurka agertu direla jakinarazi zuten. Aurore Martin Batasuneko militantearen kasuak bilduriko elkartasuna agerian geratu zen atzoko agerraldian. Pankarta eraman zuten sindikatu, alderdi eta erakundeetako ordezkari ugariak dira horren erakusle, baita Dominique Nogueres Giza Eskubideen Ligako lehendakariak hitza hartu zuela mobilizazioa abiatu aurretik ere.

Giza eskubideen aldeko LDH, FIDH eta AEDH erakundeen izenean hitz egin zuen Nogueresek, eta egunkarietako atzoko edizioetan kaleratutako ageriaren edukia azaldu zuen. «Aurore Martin ez da Espainiako ezohiko jurisprudentziaren esku utzi behar», berretsi zuen.

«Europako agintariak deitzen ditugu euroaginduen prozedura sakonki berrikus dezaten eskubide zibilak bermatzeko», erran zuen. Egoera «onartezina» dela gogoratu zuen. Atzoko agerraldian Korsika eta Okzitaniako ordezkariak ere izan ziren. DNA fitxategia salatzeko antolatutako jardunaldietan parte hartu duen Alain Masconi sindikalista izan zen, besteak beste. A. B.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo