GARA > Idatzia > Kirolak

Kelly Slater marka guztiak hausten

Aurtengo WCT zirkuitua irabazita, hamargarren munduko titulua eskuratu du Slaterrek. Orain arteko marka guztiak hautsiak ditu.

p046_f01.jpg

Haritz LARRAÑAGA ALTUNA

Kelly Slater Floridan jaio zen 1972an. Cocoa beach izan zen bere lehen urratsen lekuko, baita bere ibilbide osoarena ere. Egun oraindik han bizi da, nahiz eta urte sasoiaren arabera, bere Hawaiiko etxean ere denbora asko egiten duen. Olatu txikiak izan ohi diren leku batetik dator, beraz, Kelly.

Asko dira Kellyk hautsitako markak. Lehenengoz munduko WCT zirkuitua irabazi zuenean, 1992an, 20 urte besterik ez zituen. Munduko txapela jantzi duen surflari gazteena izan zen. Munduko txapela eskuratu duen surflari zaharrena ere bera izan da. Ospe handiena duen zirkuituko Pipeline Master txapelketa gehien irabazi duen lehiakidea ere bera izan da. Baita abenduan Hawaiin egiten den olatu handietako Eddie Aikau txapelketa irabazi duen munduko txapeldun bakarra ere. WCT zirkuitua osatzen duten leku finko guztietan lortu du noizbait lehen postua. Zirkuituko txapelketa gehien ere berak irabazi ditu. Munduko txapela jarraian irabazten urte gehien egin dituen surflariaren marka hautsi zuen (1994, 1995, 1996, 1997 eta 1998). Bere curriculuma begiratzen badugu, amaigabea dirudi.

Kelly surflari berritzaileen belaunaldian kokatu behar da. AEBetan sortu zen new school-eko kideetako bat da. Shane Dorian, Rob Machado, Taylor Knox eta beste zenbait surflarirekin batera, skateko ariketak olatu gainean egiteari ekin zioten, surf egiteko modu erradikalago bati bide emanaz. Ordutik belaunaldi berriak behin eta berriz atxiki dira lehiaketa mundura, baina Kellyk bere surfa garai berrietara egokitzeko ahalmen itzela erakutsi du. Hori izan da, ziur aski, bere arrakastaren osagai garrantzitsuenetako bat.

Kelly vs Curren

1990ean surfaren historian aipatu gabe utzi ezin den txandetako bat egin zuen Kellyk. 18 urterekin Lacanauko hondartzan egin zen Munduko Txapelketan finalerdietara iritsi zen eta bere eredu zen Tom Currenen aurka borrokatu behar izan zuen.

Azken 30 urteetan, lehiaketari dagokionez, bi surflari aipatu behar badira, dudarik gabe, Tom Curren eta Kelly Slater dira. Tom Curren teknikoki gainontzeko lehiakideen gainetik zegoen 80ko hamarkadan. 1985, 1986 eta 1990. urteetan WCTko zirkuituko txapela eskuratu zuen. Izaeraz isila eta serioa, surflari profesionalek lehiaketa ikuspegi hertsi bati uko egiten zioten garaian hezi arren, lehiarako dohain eta seriotasun ezohikoak erakutsi zituen surflaria. Gure kostaldean askotan ikusten genuen surf egiten Curren, garai batean Biarritzen bizi baitzen.

Jeinuek gauzak ikusteko duten berezko moduak haien arteko antzekotasunak sortzen ditu sarri. Horregatik, ez da zaila Curren eta Slaterren artean antzekotasun ugari aurkitzea, biak ere, jeinuak direlako. Biak dira musikariak, izaera lehiakorrekoak, perfekzionistak eta abar.

Tom Currenen aurkako txanda historiko hartan, Kellyk surf egiteko zuen moduarekin etorkizuneko surfa irudikatu zuen, aereoak eta ariketa erradikalak eginaz. Txanda hark, nolabait, iragana eta etorkizuna irudikatu zituela esan daiteke. Tom Currenek ordura arte indarrean zen surf egiteko modua irudikatzen zuen eta Kellyk, berriz, etorkizunekoa. Agian, Kellyk merezi zuen txanda hura irabaztea, baina epaileek Curreni eman zioten finalerako sarrera eta berak irabazi zuen txapelketa. Gaur egungo ikuspegitik, txanda hura Kellyk irabazi behar ote zuen eztabaidatzen dute adituek. Edonola ere, epaileak surf egiteko modu berri hura behar bezala puntuatzeko prestatu gabe zeuden oraindik eta ikusleek ere denbora behar zuten zetozen aldaketetara egokitzeko.

Bi urteren buruan, munduko txapela eskuratu zuen Kellyk. Olatu txikietako surf erradikalak baino pisu handiagoa zuen olatu handietako surfak eta zirkuituko azken froga berebiziko erronka izan ohi zen surflari berrientzat. Pipelinen erabakiko zen munduko txapela nork eskuratuko zuen. Finalean, Barton Lynch australiarra (1998an munduko txapelduna), Liam McNamara eta Sunny Garcia hawaiiarrak eta Kelly Slater ziren buruz buru. Sunny Garciak eta Kelly Slaterrek munduko txapela zuten jokoan final hartan, emaitza onena lortzen zuena izango zen 1990eko WCT txapelduna. Sunny ezker olatu batean erori eta sekulako kolpea hartu zuen; ohatilan eraman behar izan zuten ospitalera, lepokoa jarrita. Munduko txapela irabazteko izan zuen aukera bakarretakoa galdu zuen eta hamar urte itxaron behar izan zituen, 2000. urtean WCTko txapela eskuratzeko. Kellyk irabazi zuen txapelketa hura, baita zirkuitua ere.

Kelly vs Andy

Bere ibilbideko beste momentu garrantzitsu bat Andy Ironsekiko lehiakortasunak marraztu zuen. Bost urtez jarraian munduko txapela irabazi ostean, 1999an ere zirkuituan izan zen Kelly, baina bazirudien gogo handirik gabe jarraitzen zuela lehian. Gainontzeko lehiakideentzat mamu bat zen Slater, inork ez zuen berarekin lehiatu nahi eta agian horrek ere eragin zuen lehiakideen arteko harremanetan.

Hiru urtez zirkuitutik kanpo izan ostean, lehiara itzultzea erabaki zuen 2002an eta sekulako lehia izan zuen Andy Ironsekin. Azkenean Andy Irons atera zen garaile eta Kelly gainditzea bazegoela frogatu zuen. Horrek erabat hunkitu zuen Kelly eta berriz ere lehiarako arrazoi garrantzitsu bat aurkitu zuen, Andy menderatzea alegia.

Hiru urtez jarraian txapela Andyren eskuetara iragan zen. 2002, 2003 eta 2004ko zirkuituetan Andy izan zen garaile. Kellyrekin zuen norgehiagokak sekulako ikusmina sortzen zuen eta horrelako lehiakortasunak kirol kutsu handiago bat ematen zion surfari. Bakoitzak mundu bat irudikatzen zuen, izaera bat, nahiz eta egiaz horrela ez izan. Bien arteko ezinikusia irudikatu nahi zuten batzuek eta horrek eragina izan zuen haien arteko harremanean, nahiz eta agian, denborarekin, harreman sendoagoa bilakatu zen.

Garai hartan Kellyk gorabehera asko izan zituen, tartean bere aitaren heriotza. 2005ean, ordea, erronka pertsonala zeukan, berriz ere gogoz nabari zitzaion eta Andy garaitzea lortu zuen. Lan handia eman zion Andyk, gauzak zail jarri zizkion, baina horixe bera zen Kellyk behar zuena, Kelly pizten zuena. Horixe adierazi zuen Andy hil zen egunean, beragatik ez balitz, ez litzatekeela Puerto Ricon izango. Ziur aski, Andyk lehiarako motibazioa eman izan ez balio, lehiatzeari aspaldi utziko ziokeelako.

arrakasta

Kelly surflari berritzaileen belaunaldian kokatu behar da. Bere surfa garai berrietara egokitzeko ahalmen itzela erakutsi du. Hori izan da, ziur aski, bere arrakastaren osagai garrantzitsuenetako bat.

Tom curren

Azken 30 urteetan, lehiari dagokionez, bi surflari aipatzekotan, dudarik gabe,Tom Curren eta Kelly Slater dira horiek. Tom Curren teknikoki gainerako lehiakideen gainetik zegoen 80ko hamarkadan.

txanda aparta

Tom Currenen aurkako txanda historiko hartan, Kellyk surfean aritzeko zuen moduarekin etorkizuneko surfa irudikatu zuen, aereoak eta ariketa erradikalak eginaz. Txanda hark, nolabait, iragana eta etorkizuna irudikatu zituela esan daiteke.

Kelly, garaitua

2002. urtean Andy Irons atera zen garaile eta Kelly Slater gainditzea bazegoela frogatu zuen. Horrek erabat hunkitu zuen Kelly Slater eta berriz ere lehiarako arrazoi garrantzitsu bat aurkitu zuen, Andy Inrons menderatzea alegia.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo